Berdintasuna urrun irudikatzen dute egungo estereotipoek
«Sexua, maitasuna eta botere harremanak» EHUko Udako Ikastaroa izan zen abiapuntua gai poliedriko eta arantzaduna hizpide hartzeko. Sexualitatea patriarkala da, eta horrek emakumea menpeko egoerara bultzatzen du, antza, eta ustez, sexu askatasun handia dagoen garaiotan. Hezkuntza eta berdintasuna dira osagaietako bi.
Sexua eta maitasuna, maitasuna eta sexua. Hitzok libreak dira, askeak. Batzuetan batak bestea dakar, eta, beste batzuetan, ez. Aitzitik, batak zein besteak, mundua mundu denetik, eragin dituzte hausnarketak, korronteak, baita artelan ederrenak ere. Inspirazio iturri izan ziren eta dira, eta garaiotan, gainera, eztabaidagai. Zein harreman dugu sexuarekin? Zein da amodioaz dugun iritzia? Zeintzuk dira gure esperientziak? Zein eragin izan dute batak zein besteak gu geu pertsona bezala osatzerako garaian? Euskal Herriko Unibertsitateak jarri zuen gaia iragan astean mahai gainean, Donostiako Miramar jauregian eskaini zuen Udako Ikastaroan: “Sexua, maitasuna eta botere harremanak”. Entzule andana, aretoa lepo, eta mahaiaren beste aldean ibilbide luzeko lau emakume jantzi: Amelia Barquin, Mondragon Unibertsitatean irakaslea eta genero heziketan aditua; Mari Luz Esteban, EHUko antropologoa; Ana de Miguel, Filosofia Moral eta Politikoan irakasle Madrilgo Juan Carlos Erregea Unibertsitatean; eta Beatriz Gimeno, LGTBI aktibista eta Podemoseko batzarkidea Madrilgo Biltzarrean.
Txikitatik ematen den heziketaren garrantzian jarri zuen arreta Barquinek. Bere arloa delako, baina ezinbestean umetan erakusten zaienak, edo erakusten ez zaienak, ondorioak izango dituelako pertsonen bizitzetan. Hala, «berdintasunaren ilusioa» apurtzeko deia egin zuen. «Mutiko bat eta neskato bat lagunak badira, segituan bikote bihurtzen ditugu, baina, ordea, bi neska lagunak badira, ez. Eta bi mutiko badira, beste hainbeste. Ez diegu haurtzaroan esperimentatzen uzten. Ez badago kutxatila honetan egon dadila beste horretan, baina kutxatila batean egon dadila. Umeengan presio handia jartzen dugu», ohartarazi zuen.
Ongizatearen eta askatasunaren kontzeptuak «oso ahulak» direla iritzi zuen, baina lantzeko tresnak badaudela erantsi zuen. Adibidez, ikasgelan dauden liburuetako eduki batzuk egokituz. Pertsonaiak mutil eta neska bana izan beharrean, biak neskak badira. Izena aldatzearekin soilik, ari gara ikuspuntua zabaltzen. Jatorriz produktu «alternatiboak» direnak existitzen dira, baina kontuz. «Batzuetan, egoera errealak, guraso homosexualak izatea, esaterako, ‘arazo’ bezala planteatzen dira. Halako liburuak ondo daude gaia aipatzen duten unetik, baina beharrezkoa da aniztasuna ez azaltzea gatazka edo arazo bezala, baizik paisaiaren zati bezala».
Beste hainbeste ikasgelaren barne «paisaiarekin». Ume homosexualak, lesbianak, transexualak… «Errespetatzearekin ez da nahikoa. Heziketa aro osoan lesbianismoaz edo transexualez hitz egiten duen liburu bakar bat ere ez badago, hori konpondu beharreko arazo bat da». Hala, onartu zuen ikasleekin gauza askotaz mintzatu arren, baita gai pertsonalez ere, LGTBI errealitateez hitz egitea ez dela «ateratzen». «Eta geu, irakasleak, erreferente bezala agertzea garrantzitsua da». «Benetako erronka dugu ikasleekin, halaber, sexuaz hitz egiteko. Eta eskolari ere kosta egiten zaio. Enpresa bat kontratatzen da gai horietarako eta sexologoak datoz azalpenak ematera. Duela 10-15 urte hala izatea normala zen, baina gaur egun irakasleok gaitasuna izan beharko genuke naturaltasunez, eta gertuko tratuaren konfiantzatik, gaiok jorratzeko».
Hezkuntzatik harago joan zen Ana de Miguel filosofoa, baina sexua begi bistatik galdu gabe. Kritika gogorrak egin zizkion pornografiari, bere ustez ez diolako onurarik egiten izatez patriarkala den sexualitateari. «Fantasiak berak patriarkalak dira», erantsi zuen. «Sexua eta maitasunari dagokionez, badaude ulertzen ez ditudan ezberdintasunak. Sexuan gonbidatzen gaituzte pentsatzera guztiak balio duela: ‘neoliberalismo sexuala’ deitzen diot nik. Maitasunean ondorioztatu dugu guztiak ez duela lekurik, baina, sexuan, eszitatzen bazaitu, dena delakoa ongi dago… Bada ez nator bat baieztapen horrekin, inondik inora», adierazi zuen.
Gazteak heztea «zein garrantzitsua» den nabarmendu zuen, Barquinekin bat etorriz. «Sexualitateak esanahi oso sakona du, nortasunaren eraikuntzan eragina duelako, baita nork bere buruaz duen iritzian ere».
Sexuaren merkantilizazioa
Entzuleen galderak amaieran heldu ziren arren, komeni da hemen aipatzea irakasle batek adierazi zuena, izan daitekeelako egungo joeren norabidearen erakusle, De Miguelek aipatu zuen sexualitate patriarkalaren eraginetako bat… Bada irakasle honi ikasleek, neskek, onartu diote larunbat gauean irteten direnean ezezagunekin izan ohi dituztela sexu harremanak, dantzalekuan bertan. Eta haurdunaldiak saihesteko sarketa baginatik beharrean uzkitik izaten dela. «‘Eta gustatzen zaizu’? galdegiten diet nik ikasleei», gaineratu zuen irakasleak. Antza, «egoera bera» da gustuko dutena.
Bada hausnarketarako datu gehiago. Beatriz Gimenok kontatu zuenez, Madrilgo institutuetako nesken lehendabiziko sexu harremana felazioa da, 13 urterekin, ikerketa batek ondorioztatu zuenez. «Ez dira berdintasunean oinarritutako harremanak, begi bistakoa da hori. Neskak amaitzean amaitu da. Mutilak ez dio bueltan gozamenik emango».
Maitasuna ez da gai xamurragoa. Feminismoak amodioari egiten dizkion kritika guztiekin bat ez datorrela onartu zuen De Miguelek, baina, ama bezala, entzutea ohikoa ez den baieztatzen bat egin zuen: «Maitasunak ezin du bizitzaren zentzua izan. Bizitzaren zentzua bakoitzaren barruan dago. Ezin da ardura hori beste pertsona batengan jarri, harreman batean edo seme-alabetan. Seme-alabak garrantzitsuak dira, bai, baina ez dira gure bizitzaren zentzua».
«Pentsamenduak librea izan behar du, askea. Maitasuna, bere modu eta forma guztietan, sexua baino baliotsuagoa da. Sexuak, noski, lekua izan behar du, baina merkatuak ematen dion neurriz kanpoko dimentsioa…». Hemen aipatu zituen, besteak beste, sexuari ematen zaion zentraltasuna: «Bederatzi hilabetez haurdun gaudenean izan beharreko sexuaz, hirugarren adinean izango dugunaz... hitz egiten digutenean, edo zein maiztasunekin izan behar ditugun harremanak, modu berriztatzailean gainera… adarra jotzen ari zaizkigu. Askoz zerikusi handiagoa du horrek guztiak publizitatean eta kontsumoan ematen den neoliberalismoarekin gizakion bizitzara hurbiltzen den zerbaitekin baino».
Hitzokin ados agertu zen Gimeno. Sexua bera merkantilizatuta dagoela esan zuen, eta maitasuna bakarrik ez, sexualitatea ere patriarkala dela. Horregatik, eta kontrapisu kritiko bezala, ikasgeletan pornografiaz mintzatzea proposatu zuen. «Ez pornografia jartzea, hots, baina jasotzen duten horri modu kritikoan aurre egiteko tresnak eman behar dizkiegu gazteei. Gurasoek debekatu arren eta sakelakoan programa jakin bat blokeatu arren, modu batera edo bestera pornografia eskuratuko dutelako».
Gimenoren adierazpenek ikasgeletara garamatzate, Barquinek hasieran aipatu zituen horietara, hain justu. «Sexualitate misoginoaren aurka proposamen zehatzak eta kritikoak eraman behar ditugu eskoletara, desager dadin». Hala, galdera bota zuen emakumezkoen fantasia sexualen inguruan. «Zeintzuk dira?». Asko eta asko, baina, adierazi zuenez, boterea eta menpekotasuna ematen den egoerak imajinatzen dituzte maiz. Hala ondorioztatu du hainbatetan, idatzi dituen liburuetan edota argitaratu dituen beste hamaika argitalpenetarako egindako aurredokumentazio lanean. «Zer dela-eta?». Hortxe hausnarketarako galdera.
Elkar laguntzeko sareak
Ez sexua ezta maitasuna ere. Mari Luz Esteban antropologoak harremanak eraman zituen Donostiako hitzaldira; «kategoria berrien beharra» aipatu zuen, «modu ezberdinean pentsatzera» eramango gaituztenak. Maitasunaz harago, elkar errekonozitzeko beste modu batzuk daudela iritzi zuen: elkarrekikotasuna eta birbanaketa kasu. Hala, laguntasunaren eta sareen garrantzia goraipatu zuen. Horretaz egin den ikerketa feminista oso urria dela esan zuen penaz. Familia, odola eta herentzia genetikoa baino gehiago badela iritzita, sareok momentu jakinetan sortzen dira, eta, are gehiago, une zehatzetan indartzen dira. Ezinbestekotzat jo zituen EHUko irakasleak. Ezaugarri propioak dituzte: pertsonen arteko konpromisoa exijitzen dute, gure errealitatea eraldatzeko inportanteak dira eta familiatik kanpoko taldeak dira. Baina, hots, batzuetan familia bera baino garrantzitsuagoak.
Sareon lekua eta eragina, gainera, gero eta handiagoa da. Hala, inkestek eta ikerketek familia eredu ezberdinak aintzat hartzen dituzten bezala –gizartearen argazki ezberdinak ateratzeko–, Estebanek iradoki zuen Eustat bezalako erakundeek ikerketa soziologikoak egiteko sareok ere kontutan hartu beharko lituzketela, informazio asko jaso daitekeelako bertatik. Are gehiago, uneotan errealitate bat ez direla jasotzen ari aipatu zuen. «Oso garrantzitsuak izan arren, ez dira inon ageri. Familia ez da soilik bizikide dena, edo ugaltzen dena. Feminismoan, adibidez, komunitate afektiboez hitz egiten da. Maitasuna elementu bat da, baina ez da erabakitzailea, elkartasuna bai ordea. Elkarri sostengua emateko sarea deitzen diot nik».
Adierazpenak
«Mutiko bat eta neskato bat lagunak badira, bikote egiten ditugu»
AMELIA BARQUIN
«Maitasunaz harago, elkar errekonozitzeko beste modu batzuk badaude»
MARI LUZ ESTEBAN
«Sexuan guztiak balio duela sinetsita gaude; maitasunean, ordea, ez»
ANA DE MIGUEL