@aimar_etxe
Edinburgo

«Brexit»-aren ostean zer?

Erresuma Batuak erabaki du: Europar Batasunetik aterako da. Horrek, nahi ala ez, albo kalteak eragingo ditu bai bertako herritarrengan, bai gaur egun Erresuma Batuan bizi diren euskal herritarrengan ere. Ezjakintasuna da nagusi, ordea, «Brexit»-aren osteko lehen aro honetan. Eta ezjakintasun hori da kezka eta beldurren sorburu nagusia.

«Brexit»-aren ondoren ezjakintasuna da nagusi. (Justin TALLIS/AFP)
«Brexit»-aren ondoren ezjakintasuna da nagusi. (Justin TALLIS/AFP)

Eta orain, zer? Hori da Erresuma Batuan bizi diren atzerritar (eta bertako) gehienek etengabe egiten duten galdera. Ezjakintasunak hartu du aginte makila Brexit-aren osteko agertokian, eta geratzeko etorri dela dirudi. Erresuma Batuak Europar Batasuna uztea erabaki du, baina ez du horretarako inolako bide orririk; Brexit-ak, gaur-gaurkoz, ez du esanahirik. Hala ere, inork ez du zalantzan jartzen eragina izan izango duela; datozen bi urteotan argituko dira zalantza guztiak.

Erresuma Batuko populazio migratzailearen artean, noski, badira euskaldunak ere, Brexit-ak zuzen-zuzenean kolpatuko dituenak. Urte dezente daramatzate batzuek sorterritik kanpo, eta Erresuma Batua bera dute egun “etxe”. Iritsi berriak dira beste hainbat eta atzerriko esperientziaren ostean Euskal Herrira itzuliko dira, Brexit-a bera ere atzean utziz betiko. Beteranoak eta berriak, guztiak elkartu nahi izan ditu GAUR8k erreferendumaren osteko aroaz hitz egiteko, ideiak eta kezkak partekatzeko. Londres, Belfast, Glasgow eta Edinburgo, lau errealitate ezberdin izanagatik ere aro historiko bat partekatzen duten lau hiri. Bertan bizi dira ondorengo lerrootako protagonistak.

Bartzelonan jaiotako donostiarra da Kiko Moraiz (1963). 1986an iritsi zen Londresera eta bertan dirau orduz geroztik. Euskal Herrian garai hartan gazteen artean zegoen langabezia tasak eraman zuen herrialdea uztera eta, «buelta bat» emateko asmoz abiatu bazen ere Ingalaterrako hiriburura, Ekonomia ikasketak egiten amaitu zuen bertan. Donostian jaio izanagatik Lasarte-Oria zuen bizileku Olaia Elorzak (39 urte) Belfastera joan zenean. Orain zazpi urte hartu zuen Irlanda iparralderako bidea bizitzan aldaketa bat behar zuela-eta, baina baita ingelesa hobetu eta lan bat bilatu asmoz ere. Ia 17 urte dira, berriz, Mikel Aranak (Eskoriatza, 39 urte) Eskozian lur hartu zuenetik. Lehenengo urte eta erdia Edinburgon eginda, Glasgowera mugitu zen eta bertan jarraitzen du oraino. Berak ere ingelesa hobetu asmoz emigratu zuen. Eta bi urte betetzear dira Ane Belza (Elgoibar, 25 urte) Edinburgora heldu zenetik. Ikasketak amaituta, lan munduan sartzeko orduan ingeles maila ona izateak lagunduko ziola uste izanda jo zuen Eskoziako hiriburua.

«Brexit»-a, zer da hori?

UKIP alderdi ultraeskuindarraren ahotan entzun zuen lehen aldiz Brexit-aren ideia Moraizek, baina ez zion garrantzia handiegirik eman. Alderdi Kontserbadoreko parte bat ideia horietara gerturatzen hasi zela ikustean, orduan bai, erabat aldatu zen kontua berarentzat. Mikel Aranak ere ez zion arreta gehiegi eskaini hasiera haietan ernatzen ari zen mugimenduari. «Nire lagun, lankide eta ingurukoak hasieratik Europar Batasunaren baitan mantentzearen alde zeudela ikusteak lasaitasuna eragiten zidan». Antzerako erreakzioa izan zuen Ane Belzak ere. Ziur zen Batasunaren baitan mantentzeko aukerak irabaziko zuela, beraz, «ez ginen gehiegi arduratu. Ez genuen uste egoera aldatuko zenik, emaitzak ikusi genituen arte».

Iragan otsailean argitu zuen David Cameron lehen ministro britainiarrak erreferendumaren data: ekainak 23. Atzera kontaketa hasia zen, beraz, eta berarekin batera lehenengo zalantza eta gogoetak. Moraizek Cameronen mugimendu estrategiko gisa hartu zuen erreferenduma deitu izana, bere alderdiaren eskuinera zegoen jendearen botoa irabazte aldera. Horretarako, immigrazioaren afera mahaigaineratu zuela gaineratu du, epe laburreko etekinak lortu asmoz: «Galdeketaren aurreko aroan elkarrekiko kontrajarriak ziren informazioak publikatu ziren, baita gezurrak esan eta espekulazioak zabaldu ere. Eta amaieran, aldiz, beldurraren estrategiara jo du Batasunean mantentzearen alde ari zen kanpainak. Ekonomiak jasan zezakeen kolpean oinarritutako informazioak zabaltzeari ekin diote, baina tinko mantendu dira Brexit-aren aldekoak».

Olaia Elorzak ere, erreferendumaren data gerturatu ahala, izan du kezkarik. Hasieran aferari garrantzi handirik eman ez bazion ere, denborarekin arazo bat izan zitekeela pentsatzen hasi zen: «Agian beste norabait mugitu beharko nuela pentsatu nuen. Baina aldaketak ez dira gauetik egunera emango, denbora beharko dute».

Moraiz izan da erreferendumaren bezperetako kanpaina gertuen jarraitu duena. Jokoz kanpo ikusi du ezkerra, estrategiarik gabe eta tory-en itzalean. Gaineratu du britainiarrek ez dutela inoiz begi onez hartu Europa integratuaren ideia eta, ondorioz, ez dela egon Batasunean jarraitzearen aldeko kanpaina positiborik: «Britainiar gutxi batzuk baino ez dira harrotasunez europarrak direla esaten dutenak. Gehienek termino komertzialetan baino ez dute babesten Europar Batasuna». Gainera, azpimarratu du inolako momentutan ez dela hitz egiten Brexit-aren benetako esanahiaz, hau da, etorkizunean ekarriko lukeenaz: «Batzuek zein besteak etorkizunaren inguruko euren usteak adieraztera mugatu dira, besterik ez, ez baitago batere garbi Brexit-aren atzean benetan zer dagoen».

Aranak sare sozialen bidez jarraitu du nagusiki kanpaina, bertan irakurri eta ikusitakoa ingurukoekin partekatuz. Arreta berezia eragin dio bi aldeek emaniko informazioak guztiz kontrajarriak direla ikusteak, eta nabarmendu du Leave mugimenduak immigrazioaren gaia astindu duela nagusiki. Sentsazio bera izan du Belzak ere: «Etorkin kopurua kontrolatzearen aldeko argudioa da gehien entzun dena. Azken urteotan asko hazi da etorkin kopurua Erresuma Batuan eta, nabari denez, askok ez du hori ongi ikusten». Kanpainako gertakari nagusienetariko bat mahaigaineratu du Elorzak: Jo Cox Alderdi Laboristako legebiltzarkidearen hilketa. Haren ustetan, izan du eraginik erailketak erreferendumaren azken emaitzan.

Harridura eta ezjakintasuna

Estatu oso bat utzi dute hankaz gora ekainaren 23ko erreferendumeko emaitzek, eta lerrootako protagonistak ez dira salbuespen. «Sorpresa galanta hartu nuen erreferendumeko emaitzak ikusi nituenean. Inkestak-eta irakurriak nituen, eta banekien bazegoela Brexit-ak irabazteko aukerarik, baina uste nuen erabakia hartu gabe zuten horiek Europar Batasunean jarraitzearen aldeko hautua egingo zutela», adierazi du Moraizek. Hala ere, gaineratu du jakitun zela Europak nonbaitetik lehertu beharra zeukala: «Europar zalea naizen arren, honek erreforma sakon bat behar duela uste dut».

Harrituta geratu zen Elorza ere emaitzak ikustean, Arana eta Belza bezalaxe. Bi aldeak inkestetan oso parekatuta egon arren, azken emaitzak ez zituela espero adierazi du Elorzak: «Galesek harritu ninduen gehien, eta ez dut uste bakarra naizenik, batik bat Eskozia eta Irlanda iparraldeko emaitzak kontuan hartuta».

Beldurra ere sentitu zuen Aranak erreferendumaren biharamunean, beldurra etorkizunean gerta daitekeenaren inguruan: «Nire bizitza hemen dago eta bertan jarraitzea gustatuko litzaidake. Ezin izan nuen lorik ere egin hauteskunde gauean». Belzak, aldiz, desilusioa aipatzen du, Brexit-aren alde zeudenen artean immigrazioa izan delako ardura nagusia, «eta gu geu hemen immigranteak izanik, gure egoera kolokan ikusten dut». Baina kuriositatea ere sentitzen duela gaineratu du, «Eskozian independentziaren aldeko bigarren erreferendum bat egiteko aukerak sortu direlako».

Etorkizunarekiko sentitzen duten ardura partekatua da lau euskaldunon artean. Moraiz, adibidez, bere haurrak harresi eta aurreiritzien artean hezteak kezkatzen du, baita aukera gutxiago izango dituzten herrialde batean bizitzeak ere. «Eta ezin albo batera utzi xenofobiaren gaia; erasoak ugaritzen ari direla dirudi». Olaia Elorzak lasai dagoela dio, nahiz eta egoera, modu batera edo bestera, aldatu egingo dela ziur ikusi: «Jatorri musulmana dutenentzako okerragoa izango dela uste dut, eta ez da bidezkoa».

Aranak, albistegietan eta ikusi duenagatik, dio Europar Batasuneko herritarrak oraino lasai egoteko moduan direla, baina bera ez dago geldirik egoteko; ahal izanez gero pasaporte britainiarra ateratzen ahaleginduko da. «Mila galdera dauzkat», gaineratu du. Epe laburrean aldaketa handirik emango ez dela pentsatuz, lasai da Belza Edinburgon: «Ez dut nire burua urte askoan Eskozian bizitzen ikusten, beraz, lasai egoteko moduan naiz. Baina nabari dudana da bertakoak ez daudela ados erreferendumaren emaitzarekin eta Europar Batasunaren barruan egongo litzakeen Eskozia bat nahiko luketela».

Edonola ere, ezer ez da berdina izango aurrerantzean Erresuma Batuan, eta batek daki Europar Batasunean bertan ere zer gertatuko den. Moraizen ustetan Bruselak du indar posizioa negoziazioetan, eta Erresuma Batuak ez du lortuko batzuek pentsatzen duten irteera loriatsu hori. Eskozian bizi diren bi kideek, berriz, argi dute Eskoziak bere etorkizuna erabakitzeko bigarren independentzia erreferendum bat egitea mahai gainean dagoen aukera bat dela.