NAIZ

Arnaldo Otegi: «Ni neu izango naiz lehendakarigai, Konstituzionalak dioena dioela ere»

Irailaren 25etik aurrera Gasteizen egonen den Parlamentu berrian erabakitze eskubidean, alor sozialean eta gatazkaren konponbidean akordiok lortzeko «eremu handi bat» izanen dela iritzi dio Arnaldo Otegik, eta zentzu horretan EAJ eta Podemosi egindako proposamena nabarmendu du. Inhabilitazioaren inguruan «termino juridikoetan ez dagoela eztabaidarik» adierazi du. «Ea nola diren ezezkoa juridikoki janzteko gai».

Arnaldo Otegi, ‘Denon Herria’ proposamenaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Arnaldo Otegi, ‘Denon Herria’ proposamenaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

«Termino juridikoetan ez dago eztabaidarik, baina termino politikoetan kokatuko dute eztabaida. Ea nola diren ezezkoa juridikoki janzteko gai». EH Bilduren lehendakarigai den Arnaldo Otegi elkarrizketatu dute Euskadi Irratian, eta bertan argi utzi du bera izango dela zerrendaburu. «Ni neu izango naiz lehendakarigai, Konstituzionalak dioena dioela ere. Estatuak dena erabakitzen du gure inguruan, ez gara gure buruaren jabe. Noiz arte?», galdetu du Otegik.

Hala ere, azpimarratu egin du «lehendakarigai ugari dituen sekulako taldea» bildu dutela. Eztabaida inhabilitazioaren gaitik atera nahi du EH Bilduk, eta EAJ eta Podemosi egindako proposamena du kanpainaren ardatz. «Programa zehatz batzuk behar ditugu egungo arazoei irtenbidea bilatzeko eta horretarako estatu estrukturak behar ditugu. Ildo horretik doa alor nazionalean, sozialean eta gatazkaren konponbidearen inguruan egin diegun proposamena», azaldu du.

Irailaren 25eko hauteskundeen ostean marraztuko den Gasteizko Parlamentuari begira, segurutzat jotzen du Otegik erabakitze eskubidearen aldeko «gehiengo bat» egonen dela, baita politika sozialen alde egingo duena ere. «Eremu handi bat daukagu hor akordioak lortzeko, baina EAJk erabaki behar du PSEren eskutik herri hau bizikleta estatikoan eduki nahi duen edo begirada berri batekin aurrera egin nahi duen».

Gatazkaren konponbidearen inguruan presoen egoera eta bereziki preso gaixoen etxeratzearen beharra nabarmendu du. «Estatuak txantaia egiteko erabiltzen du gai hau eta horregatik ez du espetxe politikaren arduraren transferentzia egingo». Hilaren 25etik aurrera egonen den Parlamentuan gain honen aurrean akordio batek ez lukeela «aurrera ateratzeko arazo handirik izango» iritzi dio.

Bestetik, Sorturen urtarrileko kongresuari begira, aldaketa «jendearekin» egin dela nabarmendu du eta ez dela «aurrekoekin haustura bat» azpimarratu. «Ziklo bat bete egin da eta sormena eta konpromisoaren bitartez aurrera egin behar dugu». «Helburua independentzia da, gu tresna besterik ez gara».