Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
Entrevue
ERIZ ZAPIRAIN
ZINEMAGILEA

«Filmak ‘Egunkaria’-ren sorrera harro egoteko arrazoia dela erakusten du»

«Euskaldunon Egunkaria» 2003an itxi zuen gobernu espainolak. Euskara hutsean idatzitako egunkari bakarraren sorrera bigarren planora pasatu zen orduan. Jaiotzatik 26 urtera, sortzaileen orduko ilusioa berpizten duen dokumentala aurkeztuko du Eriz Zapirainek Donostiako Zinemaldian.

“Gaur irekiko ditu ateak” da Eriz Zapirainen azken lana. Dokumental formatuan “Euskaldunon Egunkaria”-ren sorreran parte hartu zutenen bizipenak jaso ditu zuzendari donostiarrak. Itxiera, kartzela garaiak, torturak alde batera utzita, alde argienetik jo du Zapirainek, orduko sortzaileek espresuki hala eskatuta.

Sorrera da dokumentalaren muina. Zuk hala nahi izan duzulako edo Koldo Izagirreren ideia hor zentratzen zelako?

Dokumentala egitearen ideia Iñaki Uria izan zen, hau da, sortzaileetako batena, eta Koldo Izagirrek helarazi zidan niri. Uriak esan zidan ez zuela alde ilunez hitz egin nahi, egunen batean egin beharko dela, baina ez zela unea. Interesgarria iruditu zitzaidan. Hau da, sorrera bera nahiko gai bazela kontatzeko.

Zenbat elkarrizketa jaso dituzu?

Azkenean 42 elkarrizketa egin genituen. Hor konturatu nintzen kontatzeko moduko istorio indartsua zela. Gainera, anekdota pilo bat zeuzkaten eta lanari kutsu umoristikoa eman geniezaiokeela ohartu ginen. Barre egiteko uneak ere badaude.

Bizipenok zer-nolako hausnarketa ekarri dute?

Ilusioz edozer gauza egin daitekeela. Historiak erakusten du hori. Mundu mailan gauza asko horregatik egin dira. Ilusioa zegoen euskarazko komunikabide bat egiteko eta halaxe egin zuten, nahiz eta dirurik ez eduki, nahiz eta kazetariak oraindik prestatu gabe egon, nahiz eta irakurlerik ez egon...

«Euskaldunon Egunkaria»-ren sorrerak zer onura ekarri zion euskal gizarteari?

Euskal Herriko historiaren pasarte garrantzitsuenetarikoa da. Mugarri bat da, eta hori kontatu ahal izatea niretzako ohorea izan da.

Komunikazioan, euskararen normalizazioan lagundu zuen?

Bai, zalantzarik gabe. Euskara “Egunkaria”-rik gabe ez da ulertuko. Oraindik gauza asko falta dira. Euskarak ez dauka espainierak edo frantsesak daukaten indarra, baina ari da bere bidea egiten eta gure esku dago indarrez jarraitzea; idatzizko prentsan, irratian zein telebistan.

«Egunkaria»-ren itxierak zer eragin izan zuen gizartean?

Batetik kolpea jaso zuen euskal gizarteak, baina jakin zuen horri erantzuten. Berehala izugarrizko solidaritatea agertu zuen euskal gizarteak “Egunkaria” egiten ari zirenekiko. Nahiz eta istorio tristea izan, erakutsi zuen halako kolpe bat jasotzen duenean badakiela altxatzen. Ez zuen bazterrean ahazturik utzi hainbeste maite zuen “Euskaldunon Egunkaria”.

Zaila izan al da bidegabekeria tamalgarria istoriotik at uztea?

Bai, elkarrizketetan beti gai berbera ateratzen zen. Hunkitzeko tartea ere izan zuen bateren batek, baina dokumentaletik at utzi dugu. Zaila egiten zitzaidan askotan hori alde batera utzi eta nik benetan kontatu nahi nuenari heltzea.

Zer suposatzen du horrelako dokumental bat Donostiako Zinemaldiko Zinemira atalerako aukeratua izateak?

Ikaragarrizko ohorea da. Erakusleiho horretan egotea pozgarria da. Orain kontua da Zinemaldian hainbesteko eskaintza egonda, ea zurea aukeratzen duten. Bere publikotxoa aurkituko duelakoan nago.

Herriz herri Euskal Herrian bira egitea da dokumentalaren asmoa?

Herriz herriko bira eman, eta, ondoren, abenduaren 6an, “Egunkaria”-ren sorreraren 26. urteurrena betetzen denez, zerbait berezia egin nahi dugu. Gauzak ixteke daude.

Aretotik irribarrearekin irtetea da helburua? Edo hausnarketa sakonera dago bideratuta gehienbat filma?

Bada bi gauza horiek, irri bat ateratzea eta gure historiako pasarte bat ezagutarazteko asmo zuzena. Harro egoteko arrazoi bat dela ere erakutsi nahi du, euskaldunok gai garela gauzak egiteko. Badago adierazpen bat azaltzen nola beti iruditzen zaigun euskaldunok ez garela ezertarako gai, eta “Egunkaria”-ren sorrera hori gezurtatzeko adibide bat da. Ezer ez zegoen lekutik kazeta bat egitea lortu zuten.