Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Txinatik etorritako fabula «zentzugabea»

Xiaogang Feng zuzendari txinatarrak «Wo bu shi pan jinlian» («I’m not Madame Bovary») azken lana aurkeztu du Sail Ofizialean. Bere izen ona garbitzeko jaramonik egiten ez dioten administrazioko langileen aurkako borroka zentzugabea hamar urtez luzatuko duen emakume baten istorioak funtzionario txinatarren zikoizkeria erakusten du.

Mendeku hartu eta bere izen ona berreskuratzea bizitzako arrazoi bilakatu duen Li Xuelianen bidaia tragikomikoa dakar “Wo bu shi pan jinlian” (“I’m not Madame Bovary”) filmak. Liu Zhenyun idazlearen “I did not kill my husband” eleberrian oinarrituta Xioagang Feng zinemagile txinatarrak egindako lana Sail Ofizialeko eguneko azken emanaldia izan zen atzokoan. Umore beltzezko ukituz betea eta formalki berezia, luze egiten da bi ordu baino gehiagoko kontaketan Txinako egitura politiko eta juridikoaren miseriak agerian uzten dituen lana.

Li Xuelianek senarrarekin adostuko du dibortziatzea, horrela bigarren apartamentu bat lortzeko. Hilabete gutxira, ordea, senarra beste emakume batekin ezkonduko da. Orduan, epaitegietara joko du iruzurra salatzera, baina ez du arrakastarik izango. Horrez gain, senar ohiarekin arazoa konpontzen saiatzean, Pan Jinlian izatea egotziko dio –txinatar literaturako pertsonaia da, emakume lizuna irudikatzen duena–. Bi borrokak batuko ditu orduan Lik: jaramonik egiten ez dion administrazioaren aurkakoa eta bere izen ona berreskuratzeko ahalegina. Fan Binbing aktorea aukeratu du Fengek «istorio nahiko absurdo» honen protagonistaren papera jokatzeko. Elkarrekin jarduten duten bigarren aldia da, “Cell Phone” filmaren ondoren, hura ere Zhenyunen liburu baten egokitzapena.

 

Istorio oso txinatarra

Fabula kutsua badu ere, bizitza errealarekin duen loturagatik aukeratu zuen istorioa Fengek. «Protagonistak justizia bilatzean gizarteko elementu asko azaleratzen ditu». Oso istorio txinatarra da zinemagilearen ustez, «egungo Txinan bakarrik gerta liteke, munduko beste inon ez». Hori nabarmentzeko Song dinastia garaiko artean ohikoa zen forma biribila objektibora eraman du zuzendariak. Baita landa eta hiriaren arteko aldea nabarmentzeko ere. Hala, baserri giroko eszenetan irudia biribil baten barruan agertzen da; Pekinekoetan, aldiz, laukia da. Horrekin efektu alegorikoa ere gehitu nahi izan duela argitu zuen, tonu errealista eta oso serioa emateko istorioaren zentzugabekeriari.

Atsotitz ugari darabiltzate filmean administrazioko langileek euren jarduna nolakoa izan behar den azaltzeko, nahiz eta gero haiek ez jarraitu. Zulo batek egitura handi bat hauts dezakeela hainbatetan entzuten da, eta, horren haria, Fengek «herriaren beharrak serio hartu behar dira, bestela arazo handiago bat eragin dezaketelako», zehaztu zuen. Izan ere, Li lagundu beharrean, funtzionarioak euren karguan irautearekin kezkatuta egoteak luzatzen du arazoa. Nahiz eta funtzionarioei egindako kritika agerikoa izan filmean, Fengek ez zuen prentsaurrekoan hitzez adierazi nahi izan. Obrak Txinako Gobernuaren oniritzia jaso duen galdetzean, «galdera horri ez erantzuterik ba al da?» besterik ez zuen esan.