«Zerbait jasangaitza erakutsi nahi genuen». Esaldi horrekin definitu zituen Bartosz M. Kowalski zuzendari poloniarrak “Playground” filmeko azken bost minutuak. Minutu beldurgarriak. Hain jasanezina izan zen jende dezentek alde egin zuela Kursaaleko bigarren aretotik sekuentzia hori pantailan zen bitartean. Aktore, zuzendari eta ekoizleak bertan ziren eta erreakzio emozional hori ontzat hartu zuten. «Aretoan jende asko zegoen, batzuek ihes egin dute baina asko amaiera arte geratu dira», adierazi zuen irribarrez Nicolas Przygoda aktoreak.
Hiru haurren errutina azaltzen hasten da filma, betiere distantzia mantenduz, emoziorik erakutsi gabe. Bakoitzak bere bizitza familiar propioa du, hirurak ere zeharo ezberdinak.
Eskolara iristean bakoitzaren jarrera ezagutzen joaten gara eta hor hasten dira arrazoi argirik ez duten ekintza gordinak, elkarrenganako biolentziarekin lotura estua dutenak. «Psikopatologiaren inguruan asko ikertu nuen. Horrelako gauzak gertatzen dira eta ez gara jabetzen», justifikatu zuen Kowalskik.
«Azalpen arrazionala aurkitzen saiatzen da gizakia eta askotan ezinezkoa da», azaldu zuen ekoizleak. Sentsazio hori bete-betean islatzen du “Playground” lanak. Filmaren asmo argiena arrazoirik ez duen zerbait ikusleei hurbiltzea izan da.
Benetako gertakizun batean oinarritutako lana izanik, dokumental estiloa ahalik eta gehien errespetatzen saiatu dira egileak. Gizakion berezko jarrera gaiztoa den edo ez hausnartzeko baliagarria suerta daiteke, baina erantzunik gabeko bukle batean sartuko ginateke. «Sentsazio gordin eta arrazoigabeari eusteko haurren arteko solasaldi batzuk nahita ezkutatu ditugu», argitu zuen zuzendariak. Zertarako eta ikusleak haurren arteko biolentziaren zergatia ezezaguna dela ulertzeko.