Behean sartuta jarraituko du Osasunak, azken minutuan garaipenari ihes egiten utzi eta gero. Zazpi jardunaldi eta gero, nafarren lehen garaipena ez da iritsi, eta sailkapenean beheko zuloan sartuta jarraituko du. 5. minutuan jarri da aurretik Enrique Martinen taldea (Entrenatzaileak zelaia utzi behar izan du momentu horretan, antza gaizki sentituta), eta ordutik aurrera baloia aurkariari eman dio eta emaitza defendatzen ahalegindu da, baina garesti ordaindu du.
5. minutuan Las Palmaseko jokalari den Kevin Prince Boatengek baloia eskuarekin ukitu du bere arean eta Roberto Torresek ez du hutsik egin 11 metroetatik. Kanariarrek hartu dute partidaren kontrola eta baloia aldez alde mugitu dute, baina erritmo oso makalean askotan. Osasunak, aldiz, zelaiaren bi heren oparitu dizkie horiei eta kontraerasoan arriskua sortzea zuten helburu.
Hala ere, Las Palmasek aukera garbirik ez du sortu, baina zailza zirudien ia 90 minutuz modu horretan eustea. Atsedenaldia heltzear zela, ordea, Sergio Leonek gol ederra erdietsi du. Oierren baloi luze bat hartu eta defentsari bi errekorte ikusgarri eginda, baloia sareetara bidali du aurrelari gorritxoak.
Bigarren zatian ere ez du baloiarekin gehiegi jakin nahi izan Osasunak, baina gehiago sufritzea egokitu zaie nafarrei. Erdiraketa ugari pilatu dituzte bisitariek, eta horietako batean, Vicente Gomezek gola egin du. Ordu erdi baino gehiago jokatzeko eta ezinbestekoak ziren hiru puntu jokoan.
87. minutuan puntuak alde egiteko zorian egon dira, baina Boatengen errematea zutoinera joan da. Baina hiru minutu beranduago zorteak kontra egin du eta berdinketa iritsi da.