Elkarrekin Podemosek Gasteizko Parlamentuko Mahaian «gehiengo progresista» osatzeko deia egin die EAJ, EH Bildu eta PSEri. Eduardo Maura Bizkaiko diputatu eta alderdiko EAEko Politika idazkariak Radio Euskadin azaldu duenez, «oposizio eraikitzaile batetik» herri akordioak lortzeko prestutasuna dute.
«Ez da aulkiak banatzearen kontua, Mahai progresista lortzea da helburua», zehaztu du. Horretarako PSEri «non dagoen» jakin beharko lukeela esan dio, eta «garrantzitsua» litzatekeela EAJren gehiengorik gabeko Mahaia osatzea.
«Batzen gaituzten gauzetan, hor egongo gara. Alderdi aurrerakoia gara, eraikitzailea, herriaren aktore bat gara», gehitu du Maurak. Hala ere, baztertu egin du EAJren Gobernuan parte hartzeko edozein aukera.
Zentzu horretan, EH Bildu eta PSEren jarrera kritikatu du, «gauzak orain arte dauden moduan jarrai dezaten ea nor den lagunik onena erabakitzeko sartu diren lehia hori dela-eta». Honela, nahiz eta «denek onartu duten Iñigo Urkullu izango dela lehendakaria berriz ere», aldaketak behar direla azpimarratu du. Bide horretatik, arlo sozialean «indarrak batzeko» deia egin du.
EAJrekin «autogobernu eta elkarbizitza» bezalako gaietan elkarlanean aritzeko prestutasuna ere agertu du Maurak.
«Zabalak lan publikoa hobe bete dezan, Martinez zen aukerarik onena»
Maurak ere Parlamentuko Elkarrekin Podemos taldearen bozeramailetza Lander Martinezen kargu geratzea baloratu du. «Lanen banaketan oreka mantendu nahi izan dugu», adierazi du. «Pili Zabalak bere lan publikoa hobe bete ahal dezan, hau zen aukerarik onena».
«Elkarbanatutako lidertzak» ditu Elkarrekin Podemosek, Maurak adierazi duenez. Eta parlamentariak bere «harridura» erakutsi du gaiaren inguruan sortu den eztabaida dela-eta.