Lehen aldiz aurtengo denboraldian, hiru puntu bereganatu ditu Osasunak. Partida eroa izan da Ipuruan jokatu duten derbia, eta eibartarren kontura lortu dute urteko lehen garaipena nafarrek. Emaitza honekin ez du posturik irabazi Enrique Martinen taldeak, baina jeitsiera postuak uztetik gertuago dago. Eibar zortzigarren tokian mantenduko da.
Hala ere, partida oso azkar jarri da armaginen alde, 18. segunduan Escalantek gol ikusgarria egin du-eta. Oinaren kanpoko aldearekin jo du baloia argentinarrak eta, langan jo ondoren, barrura joan da baloia. Nauzetek ez du ezer egiterik izan. Golak on egin die etxekoei, eta nagusi izan dira lehen minutuak.
Partidak aurrera egin ahala, ordea, gorritxoek aurrera pausu bat eman dute eta Riesgoren atera gerturatzen hasi dira. Honela, hiru minututan partidari buelta eman dio Sergio Leonek. Lehenbizi buruz, eta gero Riesgo eta Lejeuneren akats larri bat baliatuz, nafarrak aurretik jarri ditu.
Ongi kokatuta zegoen Osasuna zelaian eta atsedenaldia gainean zegoen, etaEibarrek lehen minutuan egin badu lehen gola, bigarren azken minutuan egin du. Sergi Enrichek ederki aprobetxatu du ezkerretik iritsitako erdiraketa eta buruz Nauzeten atea zulatu du.
Bigarren zatia euri zaparrada ikusgarri batekin batera iritsi da, eta honek azken 45 minutuak baldintzatu ditu. Norgehiagoka lehiatua eta parekatua izan da, baina Roberto Torresen gol ikusgarriak eman dio garaipena Osasunari.
59. minutuan eskuin aldetik iritsi da berdinketa eta nafarren 10ak kontrola eskuinarekin egin du, jaurtiko zuenaren keinuarekin batera, eta ezker hankaz ederki gurutzatu du. Urteko lehen garaipena balio duen gol itzela.
Hortik aurrera etxekoak saiatu egin dira, eta Osasunak bere aukerak ere izan ditu, Oriol Rierari baliorik gabe utzitako gol bat barne, baina markagailua ez da mugitu.