Sortuk babesa adierazi dio bihar 13:00ean Altsasun egingo den ‘Utzi Altsasu Pakean’ mobilizazioari. Ohar baten bidez, salatu egin du Altsasuko gertakarien ostean «Guardia Zibilaren ibilbide errepresibo beltza zuritzeko ahalegina».
Zentzu horretan, «kezkagarritzat» jo du «komunikabide zein eragile politiko desberdinek» Guardia Zibilak emandako bertsioa hasiera-hasieratik ontzat eman izana. «Jakin bait baitakigu herri honetan bertsio ofizialak zer diren». Ildo horretatik, Mikel Zabalzaren kasua ekarri dute gogora, zein Guardia Zibilarengandik ihesi zihoala ito zela esan zen, gerora torturak jasan eta errekara eskuak lotuta bota zutela argitu den arren.
«Ezin da abstrakziorik egin Guardia Zibila izan dena eta denari buruz», gehitzen du testuak. Gaur egun ere, Aieteko Konferentziatik bost urtera, jarrera ez dela aldatu azpimarratu dute. «Errepide kontrolak han eta hemen, herritarrak mehatxatu eta ikaratu...», azpimarratu dute.
Honen aurrean Sortuk Euskal Herriaren «behin betiko desmilitarizazioa» aldarrikatu du, polizia ratioak «erreaitate politikora egokituz» eta «Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egitea». Era berean, Auzitegi Nazionalaren «kanpo injerentziak behin betiko etetea», eskatu dute.