NAIZ
IRUÑEA

Alavesek hiru puntuak eraman ditu Sadarretik (0-1)

Osasunak porrot gogorra jaso du Iruñean Alavesen aurka jokatutako euskal derbian. Partida leihatua izan da, nagusitasun argirik gabekoa, baina 75. minutuan penalti batek gasteiztarrei eman die garaipena. Nafarrak beheko zuloan geratuko dira, eta Alavesek airea hartu du. (Partidak utzi dituen zenbakiak).

Alavesek Osasuna garaitu du Sadarren. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Alavesek Osasuna garaitu du Sadarren. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Garaipen garrantzitsua Alavesentzat eta porrot mingarria Osasunarentzat. Harmailetan giro paregabean jokatu den derbian, bi aurpegi oso desberdinekin amaitu dute taldeek. Partidan ez da nagusitasun argirik izan, baina baloia beti izan da gasteiztarrena.

Ongi ekin diote partidari Pellegrinoren mutilek eta bigarren minutuan Toquerok gola oso gertu izan du, baina Nauzetek marraren gainean atera du baloia. Hasieran falta ugari zian dira eta erritmo gutxi. Alavesek baloia nahi zuen, baina Osasuna ere eroso zebilen joku horretan. Hala, kontrola arabarrena bazen ere, aukera garbiena nafarrek izan dute, Sergio Leonek korner batean erremate zail bat egin eta, kasu honetan, Toquero bera izan denean baloia marra gainean gelditu duena.

Bigarren zatiari hobe ekin dio Osasunak, eta Kenan Kodrok aukera paregabea izan du, baina bere jaurtiketa ederki gelditu du Pacheco atezainak. Berriro ere, gutxinaka-gutxinaka, Alaves nagusitzen joan da, edo behintzat baloiaren kontrola izaten.

Akats gutxi eduki dituzte bi taldeek defentsan, partida serioak eginez. Baina, bat izan eta garesti ordaindu dute gorritxoek. Baloia galdu eta kontraeraso azkar batean Theo arean sartzera zihoanean lurrera bota du David Garciak. Epaileak falta adierazi du, eta area barruan. Penaltia. Iruindarrak kexu agertu dira eta errepikapenek ere ez dute ez gauza bat ez bestea garbi uzten. Christian Santosek ez du hutsik egin.

Azken txanpan Osasunak ere eskatu du penaltia, baina epaileak ez du halakorik ikusi. Markagailua ez da mugitu, eta Alavesek jaitsiera postuetaik aldentzen duten garaipen bat eskuratu. Osasuna, aldiz, beheko zulean sartuta, gero eta ilunago dauka etorkizuna.