Ohar bidez eman du LAB sindikatu abertzaleak Mikel Irastorzaren atxiloketaren inguruko bere iritzia. «Zapuztu» nahi duten bake prozesuaren aurkako ekintza izan dela adierazi du eta euskal jendarteari honen aurka egiteko aukera eman behar zaiola gaineratu.
Dio LABek azken hilabeteetan «ugariak eta oso interesgarriak» izan direla eremu zibiletik bake prozesua sustatze aldera hartu diren iniziatibak, urriaren 22an Donostian aurkeztu zen Foro Sozial Iraunkorra kasu.
Honen harira, ETA Foro Sozialak marraztutako bidean urratsak ematera prest agertu izanaren ondorio jo ditu gaurko atxiloketak: «Bake prozesua zapuztea dute helburu Estatu espainol eta frantsesak, bistakoa da».
Gaineratu du gisa honetako erasoak salatzea komeni dela, baina ez dela biderik egingo ez bazaio euskal jendarteari mobilizazio sozialaren bidez bake prozesua babesteko aukerarik ematen.
«Horregatik, atxiloketa berri honek bakearen eraikuntzan laguntzeko prest gauden eragile sozial, sindikal eta norbanakoen erantzun bateratu eta sendoa eskatzen duela pentsatzen dugu», azpimarratu du.
Hori hala, afiliatuei dei egin die atxiloketak salatzeko mobilizazioetan parte hartzera eta baita astelehenean salaketa hau lantokietan zabaltzera ere.