Ruben NIETO
BILBO

«Harriaren hiztegia», Muguruza eta Atxagaren lan berria

Mara-mara diskoetxeak ekoitzitako bigarren lana plazaratu dute Jabier Muguruzak eta Bernardo Atxagak. Duela 24 urtetik betetzeke zuten asmo bati erantzuna eman diote horrela, haurrentzako beren-beregi egindako disko alai honekin.

Umeen antzera, ilusio puntuarekin azaldu ziren atzo Jabier Muguruza eta Bernardo Atxaga, sentimendu berezi batekin egindako lana aurkeztera. Musikariak aitortu zuenez, «Nafarroa Oinezerako enkarguz, Bernardok eta biok ‘Arraroa noski’ sonatu hura sortu genuenetik, nik uste nolabait pendiente genuela beste behin ere elkartu eta haurrentzako lan berri bat burutzea».

Ia mende laurdena pasatu da garai hartatik, baina egun bizirik jarraitzen duen kanta da ordukoa. «Antolatzaileek esan berri dutenez –gogoratu zuen Muguruzak–, gure ‘Arraroa noski’ abestia, nafarren memoria kolektiboan Nafarroa Oinezeko kantu bezala gelditu da. Nafarren oroimenean erabat iltzatuta gelditu den kanta da». Gaurkotasun osokoa. Are gehiago aurten, abestiaren bi bertsio berri egin baitira.

1989an ere Irungo musikagileak “Ja, Ja!” izeneko haurrentzako diskoa kaleratu zuen, arrakastatsua suertatu zena. Haurrentzat sorturiko bi proiektu horietan Bernardo Atxagaren kolaborazioa izan zuen, atzo aitortu zuenez. «Beraz, aspaldiko lan horien nolabaiteko segida da».

Aipatutakoa musikalki antzeman daiteke. “Kanta alaiak egin nahi nituen”, eta “Harriaren hiztegia”-n parte hartu duten guztien aburuz, pozik egoteko emaitza lortu dute. Horregatik, gonbidapena egin zien atzo «bereziki, seme-alaben ardura beren gain hartzen duten gurasoei. Hurbil daitezela gure lan berri honetara».

Bernardo Atxagarenak dira abestietako hitzak. Bederatzi poema, haurrekiko enpatian sortuak. «Jabier Muguruzak bere asmoa adierazi zidanean, baietz esan nion. Normalean, asmoei beti baietz esaten diet, hala bizi behar dugula iruditzen zaidalako, asmoen atzetik. Eta aurreneko burutazioa ‘Harriaren hiztegia’ poema izan zen», esan zuen idazle asteasuarrak.

Lehenengo poema hori hartu zuen abiapuntutzat. Hori idatzi eta gero, «gutxitan gertatzen zaidana gertatu zitzaidan. Sentitzen nuen buruan tapoi bat izango banu bezala, eta tapoi hori atera behar nuen. Hori gertatu zen! Bederatzi kanta eskatu eta hogei baino gehiago idatzi nituen segidan –azaldu zuen–. Poema liburu bat egiteko, nire kasuan, ez dut maite poema solteak, bata bestearen ondoan jarri eta ateratzea».

Atxagaren iritziz, «liburuak behar du halako errelato bat edo metafora nagusi bat». “Harriaren hiztegia” diskoarekin aurkitu du argitasuna. Umeen munduak askatasuna eskaini dio sorkuntzarako. «Poesian dena ekarri behar da zerora eta berriro hasi, hitzak banan-banan hartzen. Eta nik hori egin dut. Zerora ekarri eta hitzak aukeratu ditut».

Naroa Zamora eta Daniela Echeverria, diskoan kantari aritu diren neskatoak, ere izan ziren aukezpenean. Beren gurasoek arreta handiz jarraitu zuten agerraldia. Lan handia egin dutela azpimarratu zuen Jabier Muguruzak, «proiektuak behar zuen bizitasun hori lortzeko».

Haurrak pozik azaldu ziren mikrofono eta kameren aurrean, prestaketa saioetan eta grabazio egunetan bizitakoarekin emozionatuta. Halaber, Michel Longaron, Txema Garces eta Jon Mari Beasain musikariak gogora ekarri zituen Irungo musikagileak. “Arraroa noski’ abestia egin zuen ekipo bera, gitarra-jotzailea izan ezik».