NAIZ
IRUÑEA

Altsasuko liskarraren harira izan diren atxiloketak gaitzetsi dituzte EH Bildu eta Ernaik

Altsasuko gertakarien harira Guardia Zibilak egindako atxiloketak kritikatu ditu koalizio abertzaleak eta gogoratu du atzeman dituzten gazteetako batzuk Iruñeko auzitegira joan zirela deklaratzeko asmoz. Ernairen arabera, jazotakoa ez da «zerbait isolatua» eta Guardia Zibilak Euskal Herrian izan duen papera azpimarratu du.

Twitter sare sozialaren bitartez, urriaren erdialdean Altsasun izan zen liskarraren ondotik Guardia Zibilak egin dituen atxiloketak «aberrazio juridiko/politikoa» direla salatu du EH Bilduk.

Horrez gain, koalizioak gogoratu du atxilotutako gazteetako batzuek deklaratzeko prestutasuna agertu zutela eta hartara Iruñeko auzitegira joan zirela, baina ez zieten deklaraziorik hartu.

Sortu

«Une larri honetan, elkartasun osoa adierazi nahi die atxilotu guztiei eta Altsasuko herriari», adierazi du Sortuk ohar baten bidez. Desmilitarizazioaren aurkako mugimendua kriminalizatzeko helburuarekin «terrorismoa fabrikatzea» leporatu diete komunikabide, epaitegi eta eragile politikoei.

Era berean, gogora ekarri du «beren eskutik idatzi direla gure historiaren orrialde beltz ugari» eta honen bitartez Guardia Zibila zuritzeko ahalegina salatu du alderdi soberanistak. Hala ere, atxiloketa berri hauen aurrean, «bakea eta bizikidetzaren alde» lanean jarraitzeko apustua berretsi du Sortuk.

EA

Altsasuko atxiloketak Estatuak Euskal Herriko «normalizazio soziala eta elkarbizitzaren eraikuntza oztopatzeko saiakerak» direla adierazi du Eusko Alkartasunak ohar baten bidez. «Estatuko instantziek gertatutako errealitatetik haratago eraman nahi dutela eta, tamalez, epailetzaren laguntza dute», gaineratu du idazkari nagusi den Pello Urizarrek.

Aralar

Ohar bidez, neurri guztien «kanpo» dagoen eta «injustoa» den operazioa salatu du EH Bildu koalizioaren kide den Aralar alderdiak. «Komunikabideen bitartez eraikitako arazo honi orain ematen ari zaio neurri desproportzionatu bat, eta jokaera horrekin, gainera, ezkutatu egiten dira atzean dauden benetako arazoak», adierazi du Aralarrek.

«Elkarbizitza da Altsasuko herriak behar duena eta bere biztanlegoak nahi duena, eta horrelako atxiloketa eta jokabideekin urratu egiten da herriko elkarbizitza», azpimarratu alderdiak.

Ernai

Altsasun gertatutakoa «zerbait isolatua» ez dela nabarmendu du, bere aldetik, Ernai gazte antolakundeak eta Euskal Herrian Guardia Zibilak bete izan duen papera txarretsi du: «Franco, Borboi, FelipeX eta Rajoyren espainiar batasun konstituzionala kosta ala kosta inposatzea. Terrorismoaren aitzakiapean milaka eta milaka herritarrok sufritu behar izan ditugu kontrol, identifikazio, mehatxu, hilketa, jazarpen, tortura eta beste hamaika eraso».

«‘Alde hemendik!’ leloak gaur berebiziko indarra hartu du. Amorrutik baina bereziki ideia argi batekin; bidaliko ditugun eguna ospatuko dugu eta egun hori geroz eta hurbilago dagoela badakigu», aldarrikatu du Ernaik, atxilotuei elkartasuna adierazteaz gain.

ELA

ELA sindikatuak, atxilotuen askatasuna eskatu du. «Atxiloketa hauek eta legedi antiterroristarekin epaituak izateko Auzitegi Nazionalera eraman izana zentzugabekeria da, arbitrarioa, bultzada politiko bati erantzuten dion erabakia», salatu du ohar baten bidez.