Arrasateko Sarek agerraldi jendetsua egin zuen atzo herriko presoen egoeraren berri eman eta haien eskubideen alde antolatutako ekimenak aurkezteko.
Prentsaurrekoan Iraitz Agirre kazetariak eta John Andueza idazleak hartu zuten hitza eta, azpimarratu zutenez, Josu Arkauz arrasatearrak 25 urte bete ditu aurten espetxean eta «europar legediak ezarritakoari muzin eginez» –Estatu espainolak ez dituelako aintzat hartzen kartzela frantziarretan betetako zigor urteak–, 2023ra arte aske gelditzeko data atzeratu nahi diote. Haren egoera berean beste sei euskal preso daudela gaineratu zuten.
«Konbentzituta gaude, Parot doktrinarekin gertatu zen bezala, Europak espainiar Estatua eta justizia sistema berriro lotsaraziko dituela», nabarmendu zuten.
Arrasateko presoen eskubideen urraketen «mapa larria» ere azaldu zuten: Unai Parot (27 urte kartzelan, Puerto de Santamarian preso), Josu Arkauz (25 urte espetxean, Murtzian preso), Aratz Gomez (17 urte, Ocañan), Premin Sampedro (15 urte, Jaenen), Txus Goikoetxea (15 urte, Sevillan), Julen Mendizabal (3 urte, Osnyn) eta Kepa Arkauz (3 urte, Meauxen).
Egoera honi buelta eman eta preso zein iheslarien eskubideak errespetatuak izan daitezen «ahotsa altxatzearen» garrantzia azpimarratu zuten.
Helburu horrekin antolatutako dinamikaren baitako ekimenak iragarri dituzte, hala nola, azaroko osoko bilkuran aurkeztuko duten mozioa, hilaren azken ostiraleko kontzentrazioa edo azaroaren 30ean egingo den «ekimen jendetsua». Urtarrilaren 14an Bilbon izango den manifestazioa ere aipatu dute.
Horrez gain, azaroa eta abenduan zehar arrasatearren artean atxikimenduak bilduko dituzte. Manifestuak hamarka herritarren babesa jaso duela adierazi zuten, tartean John Andueza idazlearena, Ines Osinaga musikariarena edo Aitor Lopez Rekarte eta Inaxio Kortabarria futbolari ohiena.