NAIZ
BILBO

Cabacas auziaren inguruko ebazpena aste honetan jakitea espero du EAEko fiskal nagusiak

Juan Calparsoro, EAEko fiskal nagusiak, aste honetan bertan espero du Bizkaiako Auzitegiak Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruko erabakia ematea. Ez du ez kasua artxibatzea, ezta inputatuta dauden sei ertzainetako baten bat epaitzea baztertu.

Juan Calparsoro,artxiboko irudian. (Gorka RUBIO /ARGAZKI PRESS)
Juan Calparsoro,artxiboko irudian. (Gorka RUBIO /ARGAZKI PRESS)

EAEko fiskal nagusi den Juan Calparsorok Cabacas auziaren «atzerapena» gaiaren «konplexutasunaren ondorio» dela adierazi du, baina Bizkaiako Auzitegiak aste honetan bertan bere ebazpena ematea espero duela azpimarratu.

Onda Vascari eskainitako elkarrizketa batean, Calparsorok instrukzioa «luzea eta zaila» bezala definitu du. «Agian azkarrago egin zitekeen», onartu du. Akusazio partikularrak jarritako bi errekurtsoen inguruko ebazpena falta da.

Orain epaiketara joan edo ez erabaki behar da. «Hartzen den edozein erabaki hartuta ere norbaitentzako desegokia izanen da», gehitu du. Ildo horretatik, kasua artxibatzea «aukeretako bat» dela adierazi du. «Era berean, epaiketara joan gaitezke inputatuta dauden sei ertzainetako edozeinen aurka».

Gogoratu behar da Cabacasen senideak «hautsita» agertu zirela instrukzio fasea itxi zitekeela salatuz. Bost hilabetetan «ez dela ezer egin» azpimarratu zuten, eta eskatutako azken proba atzera botatzerakoan fase hau itxiko zutela aurreikusten zuten.