Herria Mundura agertzeko erakusleihoa
Azken urteetan beheraldia sumatu dute, ez bisitari kopuruan, horiek Azokaren aitzakian egiten duten gastuan baizik. Hala eta guztiz ere, Durangoko tabernari eta dendari askorentzat lanak gainezka egiteko egunak dira. Etekin gehiago edo gutxiago lortuta ere, herria ezagutarazteko eta kaleko mugimenduarekin «biziberritzeko» aukera paregabea dela nabarmendu dute guztiek.
Bada Durangora Azoka egunetan baino joan ez denik eta Bizkaiko herria burrunbatik kanpo bisitatu duenean, ia ezagutu ez duenik. Ez da harritzekoa, 29.109 biztanle izanik, iaz 100.000 lagun bertaratu ziren eta horrek, azoka gunea ez ezik, Landako inguruak eta erdiguneko kaleak erabat eraldatzen ditu.
Herritarrentzat egun seinalatuak dira jai giroan murgiltzen dituztelako, baina inork egun hauek egutegian gorri kolore biziz seinalatzen baditu, horiek herriko ostalari eta dendariak dira. Lan saio gogorrak espero badituzte ere, hainbatek abenduan bizi dutelako euren «abuztu» partikularra. Azokaren oihartzuna herriko txoko ia guztietara zabaltzen da, baita inguruko herrietara ere, horietan ere sumatzen baitute bisitarien etorrera.
Aurreko urteetako zenbakiei begira topatu dugu Ibon Azueta Txutxi Intxaurrea tabernako arduraduna; kopuru horiek ditu, izan ere, aurtengo eskariak egiteko erreferentzia gisa, zenbakiak eta, noski, barraren atzeko aldean daramatzan urteetan hartutako eskarmentua.
«Gustagarria den kaosa», hala laburbiltzen du Azuetak egun horietan bizi dutena. Ez da gutxiagorako, Azokak irauten duen bitartean lortutakoa, izan ere, hilabete oso batzuetan duten diru irabazien parekoa baita. Adibide gisa ematen dituen datuak atentzioa emateko modukoak dira: «Guk hilabete arrunt batean, martxoan esaterako, 1.000 litro zerbezarekin nahikoa izaten dugu, horrekin moldatzen gara; Azokak irauten duen lau-bost egunetan 30.000 litro zerbitzatzen ditugu. Aldea ikaragarria da!». Horri gehitu behar zaio, noski, ardoa –«azken urteetan ardo berezien kontsumoa asko igo da; ia inork ez du jada ardo ‘korrientea’ eskatzen»– edota bestelako edariak salduz lortzen duten etekina edota jatekoak salduz lortzen dutena. Intxaurrean ia egun osoan zehar zerbitzatzen dituzte ogitartekoak eta ia etenik gabe lan egin behar dute barraren gainean jartzen dituzten pintxo eta mokaduak egiteko. Buruan ondo gordeak dituen datuak errepasatu ditu berriz: «Joan den urtean 2.500-3.000 ogitarteko egin genituen, eta pintxoak... horiek zenbatzea ezinezkoa da».
Zenbaki eta erreserbei begira topatu dugu berriz Iñaki Olabarria Olajauregi hotelaren arduraduna. Orain bi urte hartu zuten Iñakik eta bere familiak erdigunetik gertu dagoen hotelaren gidaritza, baina Azokaren martxan lehen ere eskarmentua hartua zuten Goienkalean kokatutako Txantonesa jatetxea gidatu baitute urte luzeetan. Hiru jangela dituzte eta guztira 320 pertsonarentzako lekua; hori dela-eta ez dute mahairik errepikatu beharrik izaten. «Txantonesan bai. Orduan hiru bazkarialdi egiten genituen: 12.00etatik 13.30era lehena; bigarrena, 13.30etik 15.00etara; eta ordu horretatik aurrera, azkena. Eromena zen hura», gogoratu du.
Azokako larunbata da Olajauregi hotelean lan gehien izaten duten eguna eta hamabost egun lehenago jada 200 erreserbatik gora eginak dituzte. Lagun talde eta familiak esertzen zaizkie batez ere mahaian, baina baita egun-pasa etorri eta eserialdi bat eginez bazkalordu lasaia egin nahi duten bisitariak ere; «batez ere, adinean aurrera egindako jendea izaten da, Azoka bisitatu eta burrunbaren ostean, lasaitasun apur bat bilatzen duena». Jatekoaz gain, lotarako tokia ere eskaintzen dute eta, noski, egun horietan beteta egoten da hotela. «Urteko beste sasoi batzuetan ere hala izaten da, baina orokorrean udazkeneko asteburuetan lekua izaten dugu, jendea ez delako beste sasoi batzuetan adina mugitzen. Aste horretan bete egiten da beti», azaldu du. Jaten baino jende gazteagoa izaten dute lotan, orokorrean, «Azoka aitzakia hartuta, Durango eta inguruak ezagutzera datozen bisitariak» izan ohi dituztelako bertan.
Lantaldeak eta ordutegiak moldatuta. Jateko duten eskaintza moldatu behar izaten dute egun horietan izaten duten jende kopurura. «Talde handiak dira normalean eta oso eskaintza zabala eginez gero, bezeroentzat nahiz guretzat nahasgarria da», aipatu du. Hala, Olajauregi hotelaren gidaritza hartu zutenetik “Azokako Menua” eskaintzen dute, apropos pentsatu eta egiten dutena. Tradizionalak diren jakiak modernoagoekin nahasten saiatzen dira eta, era berean, sasoi honetan egin ohi duen hotzari aurre egiteko jaki beroak. «Aurten lehen plater gisa berdura pudinga eta otarrainxkadun garbantzuak jarriko ditugu, esaterako. Jendeak eskertzen du barrenak berotuko dizkion zerbait ematea; nahi ez duenarentzat, berriz, beste aukera bat dugu; bigarren platerean beti dugu arraina eta haragia aukeran», zehaztu du Olabarriak menuaz.
Ohikoa da halako moldaketak egitea. Intxaurrean ere ogitartekoen eskaintza mugatu egiten dute. «Aurretik egin behar da sukaldeko lan handia eta ondo moldatzeko beharrezkoa da ogitartekoak apur bat mugatzea», azaldu du. Bide horretan, eguneko ogia edota izoztu eta unean bertan berotzeko aukera ematen duena tartekatzen dituzte; biltegia, beraz, goraino dute jada.
Lantaldea bera ere moldatu behar izaten dute, urtean zehar lan egiten duen pertsona kopurua hirukoizteraino. Azken batean, eurenean egiten dena 24 orduko lana da ia. «Goizeko hamarretan zabaltzen dugu, baina seietarako sartzen dira sukaldeko langileak jakiak prestatzen hasteko. Oraindik ez dakigu Udalak ixteko zein ordutegi zehaztuko duen, baina lauretan edota lau eta erdietan itxiz gero, eta ondoren garbitu, seietan iritsiko diren langileekin topatuko gara seguru».
Ez da taberna eta denda guztietan, jakina, Intxaurrean egun horietan duten martxa bera errepikatzen, baina gehiago edo gutxiago, erdiguneko kaleetan behintzat, burrunba sumatzen da. Intxaurreatik gertu kokatua dago Atxilea arropa eta osagarri denda. Alicia Agirrebeitiak 21 urte daramatza bertan eta denbora honetan guztian gorabehera handiak ezagutu ditu. Horietara moldatzen ikasi behar izan dute Aliciak, Gloria ahizpak eta laguntzaile fin duen Jaime Vicariok. «Bisitari aldetik beti egon da jendetza itzela Azoka egunetan, baina azken urteetan guk behintzat aldaketa handia sumatu dugu, salmentek behera egin dute nabarmen», adierazi dute.
Krisiaren eragina nabaritu dute. Negozioa zabaldu eta lehen hamar urteetan, izan jaieguna edo ez, Azokak irauten zuen bitartean egunero zabaltzen zuten denda, jende sartu-irten handia izaten zutelako. «Lehen Gabonetako kanpaina garaian bezainbeste jende ibiltzen zen eta ez bakarrik egun horietan, aurreko egunetan ere nabarmena zen mugimendua, prestaketa lanetara etorritako langileak ere ibiltzen zirelako gora eta behera», nabarmendu du. Gaur egun ez dute denda egunero zabaltzen, baina ordutegia moldatu moldatzen dute, eguerdian zabalik izaten baitituzte ateak. «Kalean gora eta behera jende gehien ibiltzen den garaia da hori eta, hori dela eta, horri probetxua ateratzen saiatzen gara», diote. Izan ere, «nahiz eta beti ez saldu», jendearen joan-etorria bera da eurentzat aberasgarria.: «Sartu, irten, gauzak begiratu, patxadaz probatu, hizketaldi bat izan eta agian produkturen bati begia botata joan». Segidan datoz Gabonak eta ordurako erosketei begira etortzen zen lehen jendea. Begiz jo eta handik bi astera-edo itzuli erostera. Gaur egun egoera bestelakoa da. Euren esanetan, zerbait erostea buruan duen jendea sartzen da eta ez da, lehen bezala, jendearen joan-etorri hori izaten. «Erosketa ohiturak aldatu dira, jendeak ez du jada ikusmiran ibiltzeko ohiturarik eta faltan botatzen da horrek ere denda txikiei balioa ematen dielako». Agian, aurten ere faltako zaie sartu-irtenean dabilen jendea, baina saiatu saiatuko dira beste behin Azokara egokitutako erakusleiho eder bat prestatzen. Hari heltzen diote eta urtero-urtero euskal kulturarekin lotutako gairen bat hartzen dute erakusleihoa apaintzeko erdigune gisa Atxilean.
Kanpotik barrura ikusten den hori gustagarri egiten saiatzen dira, halaber, Karmele Elexpe eta bere lantaldea Gozatu okidengi eta gozotegian. Azokaren ondoan kokatuta egonagatik, ez daude jende gehien mugitzen den eremuan, baina, hala ere, sumatzen dute Azokaren burrunba. Ez Gabonetan adina, baina egun hauetan produkzioa handitu behar izaten dute berezoen eskariari erantzuteko: «Erakusleihoan izaten ditugu euskal pastela, harrera oso ona izaten duen arroz pastela, bai eta ‘Udazken’ izenez ezagutzen den irisagarrarekin eta gaztarekin egindako pastela ere», azaldu du Elexpek.
Maiz kalean gora eta behera dabilen jendea tentatzen dute eta, hori dela eta, erraz jateko modukoak diren gozoak prestatzen dituzte. «Kalean zabiltzala zaila da merengedun pastel bat jatea, eta horregatik saiatzen gara gurinezko opilak, sagar-pastel zatiak edota strudelak izaten aukeran».
Urte osoan jaten ematen dieten auzoko bizilagunak ez ezik, egun-pasa etorritakoak ere hartzen dituzte, Azokan egon eta etxeratu aurretik gozoak erostera bertaratzen zaizkienak. «Baditugu jada urte batean baino gehiagotan etorri diren Iparraldeko bezero batzuk. Lehen urtean sartu eta pastel bat erosi zuten, iaz ere gerturatu ziren eta espero dugu aurten ere izango ditugula dendan», aipatu du.
Ordutegia moldatzen dute Gozatun eta egunero denda ordu bietatik lau eta erdietara itxita izaten badute Azokak irauten duen bitartean zabalik izaten dugu, bazkalosteak goxatzeko.
Dendako erakusleihoaren bidez lortzen ez dutena Internetez lortzen saiatzen dira; Gozatun lan handia egiten dute sare sozialen bidez. «Urtean zehar salgai jartzen ditugun garaian garaiko produktuen berri ematen dugu eta jendea etortzen da horiek dastatzera. Azoka aurretik ere saiatzen gara gure eskaintza azaltzen; jendeak badu bisitatu behar dituen tokiak aurrez begiratzeko ohitura eta horrela inor bertaratzea lortzen badugu, primeran!», nabarmendu du.
Inoiz baino beharrezkoagoa den jendetza. Gehiago edo gutxiago, Durangoko jatetxe, taberna eta dendek egun bereziak dituzte datorren ostiraletik aurrerakoak. Azken urteetako krisiak eragin die, noski, eta bat egiten dute jendeak ez duela lehen adinako gasturik egiten. «Orain hamar bat urte astakeria bat zen», aipatu du Olabarriak. Hori dela eta, agian lehen baino garrantzitsuagoak dira egun hauetan lortzen dituzten irabaziak. Iritzi horretakoa da Azueta: «Gure kasuan krisia iritsi aurretik urtean zehar ondo funtzionatzen zuten tabernek, eta Durangoko Azokan irabazitakoa «estra» modukoa genuen, zenbaitetan tabernan berrikuntza bat egiteko erabiltzen zena. Gaur egun, urtarrilean jada jarriak gara abenduko egun hauetara begira eta guretzat oinarri-oinarrizkoak dira aurrera egiteko», azaldu du. Horregatik barrez gogoratzen du orain urte batzuk, Azkuna Bilboko alkate zela, hark azoka hiriburura eramateko asmoa zuen zurrumurrua zabaldu zela Durangoko kaleetan eta sekulako iskanbila sortu zela. «Hori Durangoko negozio askorentzat sekulako astakeria eta egurra da, guretzat, adibidez», aipatu du Intxaurreako arduradunak.
Erakusleiho gisa du, batez ere, balioa herriak halako ekitaldi handi bat izateak. «Jendea kalean gora eta behera ibiltzea herri baten beharrizan handienetarikoa da. Horregatik oso eskertzekoa da Azokak herriari ematen diona. Durangoko jendearekin bakarrik gure negozioak mugatuta daude egun; herritarren erosketa ohiturak aldatu egin dira, asko Bilbora edota merkataritza gune handietara joaten dira; beraz, herrian jendea ibiltzea guretzat funtsezkoa da, baita gure aldetik denda handiek eskaintzen ez duten hori eskaintzeko saialdia ere», aipatu du Alicia Agirrebeitiak.
Turismoarentzat amua. Pareko iritzia du Olabarriak. Herria ezagutzera emateko aukera ezin hobea ikusten du eta hotelean bertan frogatu du hori. «Egun horietan lan handia egiten dugu, baina etorkizuneko bezeroak erakartzeko ere balio du. Jendea etorri eta Durango ezagutzen du. Gure hotelean izan ditugu Azokara etorri, herria gustatu eta ondorengo asteetan asteburu pasa etorri diren bezeroak. Eskaparate itzela da», aitortu du.
Giroaz ere mintzo dira eta guztiek diote «berezia» dela oso. «Batetik eta bestetik iritsitako jendea batzen da eremu txikian eta giroa oso euskalduna izaten da», aipatu du Azuetak, barrez hau gaineratuta: «Euskal musika ere tope entzuten da egun horietan; taberna batzuetan Mikel Laboa eta Benito Lertxundi tope jartzen dituzte diskoa bera erre arte, eta gero urte guztian zehar berriz ere ezer ez».
Hain zuzen ere, Azokaren bueltan sortzen den giro horri arrastoa hartu nahian ikerketa egin zuten iazko edizioan Deustuko Unibertsitateak, Siadeko Ikerketa enpresak eta Gerediaga elkarteak. Gizonak baino emakume gehiago izaten da batez beste eta bisitarien %90 euskaldunak dira, ikerketa horren arabera. Adinari dagokionez, iaz egindako 915 elkarrizketari esker ondorioztatu dute bisitarien batez besteko adina 37 urtekoa dela eta gehientsuenak behin etorri eta urtez urte errepikatzen dutela. Hala, ikerketan jasotakoaren arabera, elkarrizketatuek batez beste Azoka 13 aldiz bisitatu dutela aitortu zuten; hortaz, oso gutxi dira etorri, ikusi eta berriz ere bertaratzeko gogorik gabe etxera itzuli direnak. «Bejondeiela!», esango lukete Durangoko tabernari eta dendariek, «urtean azoka bat ez, bi edo hiru» ere hartzeko prest diren hainbatek.