NAIZ

Gabonetako argiak piztu dituzte

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta Olatz Elgeta Bilbao Dendak-eko Zuzendari Kudeatzaileak Gabonetako argiak piztu dituzte ostegun honetan, arratsaldeko 20.00retan Udaletxearen aurrean.

Gabonetako argiak pizteko ekitaldia Udaletxe aurrean. (Bilboko Udala)
Gabonetako argiak pizteko ekitaldia Udaletxe aurrean. (Bilboko Udala)

Lehendabiziko aldiz, Eguberrietako argiak pizteko ekitaldia egingo dute Bilbon. Gabonetako zuhaitza eta Udaletxeko argiak pizten diren une berean, barruti eta auzoetako plazak eta kaleak ere argiztatuko dira eta ekitaldi honen bidez gabonei hasiera emango diote.

 Gaurtik aurrera, azken teknologiako 1.200.000tik gora LED argi martxan jarriko dituzte. Aldi berean, urtarrilaren 6ra arte iraungo duten 200 ekitaldi inguru antolatu dituztela azaldu du Udalak.

 Merkataritzako jarduera eta auzoetako bizimodua sustatzeko Olentzeroren hamalau irudi jarriko ditu hiriko hamabi gunetan eta bertan umeek euren eskariak utzi ahalko dituzte.

Bestalde, abenduaren 9an eta 10ean hamalau karpa ezarriko dira eta kontzertuak egingo dituzte. Hurrengo asteburuan abesbatzek girotuko dituzte kaleak.

Ostalaritzako ordutegiak bi orduz luzatu dituztela ere jakinarazi du Udalak.

Olentzero eta Errege Magoak

Abenduaren 23an, ostirala, arratsaldeko 18.00etan, Olentzero Eliptika plazan agertuko da eta Arriagaraino joango da. Urtarrilaren 5eko arratsalde-gauean, Errege Magoen kabalgatak Bilboko kaleak argiztatuko ditu.