NAIZ
DONOSTIA

Informazio eskubidearen aldeko ‘Baietz 200.000!’ kanpaina jarri du martxan GuraSOSek

GuraSOS plataformak eragile sozial eta politikoekin bilera erronda egingo du, bere bide orria ezagutzera eman asmoz. Era berean, bide juridikoari eutsi egingo diotela iragarri dute. Bestetik, ‘Baietz 200.000!’ erraustegiaren inguruko informazio eskubidearen aldeko kanpaina jarri dute martxan, argitaratu duten bideoak 200.000 erreprodukzio izatera iritsi asmoz.

Donostian emandako prentsaurrekoan, erraustegiaren aurkako GuraSOS plataformak aurrera begira eman beharreko pausoak eman dituzte ezagutzera. Aurreko asteburuan gipuzkoar hiriburuan egindako mobilizazioan 8.000 eta 10.000 pertsona inguru batu zirela jakinarazi dute, eta honen aurrean ETBk izan zuen jarrera salatu: «Pasa den larunbatean, gure telebista publikoak manifestazioari buruz informazioa jasotzeko dugun eskubidea urratu zuela uste dugu, honen berririk eman ez zuenean».

Honen aurrean, ‘Baietz 200.000!’ informazio eskubidearen aldeko kanpaina jarri dute martxan,  eta lerro hauen gainean dagoen bideoak 200.000 pertsonek ikus dezatela dute jomuga. Bertan mobilizazio hartako informazioa agertzen da.

Bestetik, hemendik aurrera jarraituko duten bide orria eragile sozial, politiko eta herritarrekin elkarbanatuko dutela jakinarazi dute.

Era berean, ekinbide juridikoek ez dute etenik izango. «Zalantzarik gabe, adostasunaren bidean sinesten dugu, eta hori da lehenesten dugun lan-ildoa, baina gure seme-alabekiko dugun erantzukizunagatik bide juridikoari ere eutsi beharrean gaude».