NAIZ
Durango

Sei inurri anonimo omendu dituzte Argizaiola sariarekin

Sei euskaltzale anonimo saritu dituzte Argizaiola sariarekin, «inurri moduan egin duten lana» goraipatuz. Egun jendetsua izan da gaurkoa Durangoko Azokan, eta antolatzaileek biharkoa «potoloena» izango dela uste dute.

Argizaiola saria jaso duten sei inurriak. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Argizaiola saria jaso duten sei inurriak. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

«Inurri moduan lan egin duten» sei euskaltzale anonimok irabazi dute aurtengo Argizaiola saria. J. Alberdi, J. Albillos, K. Mendia, M. Belaza, P. Erramuzpe eta J. Zengotitabengoa izan dira sarituak. Durangoko Azokak Hego Euskal Herriko lau lagun, Ipar Euskal Herriko bat eta euskal diasporako beste bat hautatu ditu.

Jendetza gerturatu da gaur Durangora. Bai zoka, bai herriko kaleak jendez lepo egon dira. Eta bihar ere bada zer ikusi. Antolakuntzak egun «potoloenetakoa» izango dela aurreikusten du. Areto Nagusian Gogoetaren Plaza ekimenaren bigarren saioa izango da. 12:30ean ‘Istorio bat... nola plazaratu’ solasaldia egongo da, Mikel Soto editore eta Irantzu Lekue artista plastikoaren eskutik. Arratsaldean ondarea izango dute mintzagai. 18:30ean Oier Gorosabel (ADES), Gaizka Aranguren (LABRIT), Teresa Lekunberri (Mintzoak) eta Amaia Mujika (Euskal Museoa) arituko dira, Maite Bidarte Info7 Irratiko esatariak gidatuta.

Ahotsenean atseden hartzeko unerik gabe jarraituko dute, 11:00etatik 20:00ak arte. Zuzenekoen karpan Altxatu, Siroka, Begiz Begi, Labrit, Xabaltx, Guda Dantza... Solasaldien kasuan, besteak beste, honakoak: Peru Magdalena, Aitziber Etxeberria, Kirmen Uribe, Jon Arretxe...

Eguna Plateruenan amaituko da, eta kontzertu potolo batekin egin ere: Hesian taldearen ‘10 urte, 11 gonbidatu’ kontzertu berezia, gonbidatu pilo batekin igoko da oholtza gainera 22:30etatik aurrera.