@gara_miantzi
Durango

Azokaren azken eguna jendetsuenetakoa izaten ari da

Eguzkiarekin batera Landakoren zirrikitu guztietatik sartu dira kulturzaleak plaza argituz. Pixkanaka-pixkanaka betetzen joan dira kaleak eta egunik jendetsuenetakoa izaten ari da. Balantze eguna izaten da azkenekoa eta argazki ahalik eta osoena atera nahian standez stand buelta bat eman dugu, nahiz eta jakin sortzaile aunitz uzten ditugula kanpoan eta guk ere aukeraketa bat egiten dugula.

Landako Gunea, jendez lepo. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Landako Gunea, jendez lepo. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Kazetarion txokoa Landakoren alde banatako bi balkoi dira. Horietako batean gaude gu eta egunero ikusi dugu hemen goitik izkina honetan dagoen Toti Martinez de Lezea etengabe sinatu eta zaleekin solasean. Justu bertze balkoiaren azpian, Gatibu dago. Gernikakoek erran digutenez, ez dira atera ere egin beren standetik eta ez dute Azokaren argazki orokorrik. Euren salmentena bai, eta «oso onak» izaten ari direla ziurtatu dute.

Gauza bera Vendettak. Pozarren daude. Ilara luzea dute argazkiak egin eta sinatzeko. Lehenbiziko aldia dute beren standarekin eta «flipatu» egin dutela diote. Willis Drummondekoak ere konten dira, hauek ere lehenbizikoz beren postuan. 'Tabula rasa' diskoa harrera hagitz ona izaten ari dela kontatu digute. «Jendearekin hitz egitea eta hurbiltasun hau izatea pila bat eskertzen dugu». Zea Mays-ekoak ere hagitz gustura topatu ditugu, eta Hesian-ekoak, biak zaleekin berriketan.

Oskorri eta Ruper Ordorikaren lanak ere primeran ari dira saltzen. Natxo de Felipe eta Oskorriko gainontzeko kideak bertan dira, gainera, eta hunkigarria da jendea eskerrak ematen ikustea. Hagitz maiteak dira.

Literaturara itzuliz, Kirmen Uribe saltzen ari da hagitz ongi. Koldo Izagirre ere bai, eta Patxi Larrionen 'Feriatzaileak' lehen nobelaren harrera ezuste polita izan da.

Jon Arretxe, Ion Andoni del Amo Castroren 'Party eta borroka', Tasio Erkiziaren autobiografia (bera sinatzen dela) eta Patxi Zubizarreta ere aipagarriak dira. Baita Miren Gorrotxategiren '33 ezkil', Angela Davisen 'Emakumeak, arraza eta klasea' itzulpena, John Anduezaren 'Lepoan hartu' eta Miren Amurizaren eta Irati Egurenen 'Bainera bete itsaso' ere.