Etxetik kanpo erakutsi ohi duen aurpegi eskasa garbitu asmoz zelairatu da Athletic Benito Villamarinen. Eta partida hasi bezain pronto Adurizek izan duen aukerak zuri-gorriak bide onetik zelairatu direnaren sentsazioa eragin du.
Baina ezta gutxiago ere, aipatu aukera izan baita Athleticek partida osoan sortu duen bakarrenetakoa. Hortik aurrera guztiz aldrebestu zaio neurketa talde zuri-gorriari. Laporte izan da nahaste horren erantzuletako bat: protesta egiteagatik txartel horia ikusi du lehenengo minutuetan eta Betisen golean ere berak egin du huts.
18. minutua eta markagailuan atzetik. Markagailuan atzetik eta atzean sufritzen, Ruben Castroren inguruan zebilen baloi oro arriskuaren sinonimo bilakatu baita. Eta atzean zalantzak eragin baditu Athleticek, are gehiago gora begira, ez baita ez jokorik ez aukerarik sortzeko gai izan.
Valverderen haserrearen isla izan da atsedenaldian Laporte eta San Jose aulkian uztea, Vesga eta Lekueri aukera emateko. Baina ez dituzte taldearen kalamidadeak konpondu aipatu jokalariek. Ez du taldeak gol aukera garbi bat egin partida osoan; nahikoa izan zaio Betisi atzean ongi kokatua egotea hiru puntuekin egiteko.
Aurpegia garbitu baino gehiago zikindu du, beraz, Athleticek gaurkoan. Zalantza asko utzi dituzte zuri-gorriak, bai atzean nola aurrean ere, joko bolada txarrean daudela argi utziz.
Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.