NAIZ
Usurbil

EH Bildu eta EH Baiko ordezkariek babesa adierazi diete Kalera Kalera ekimeneko kideei

EH Bai eta EH Bilduko ordezkariak Usurbilen izan dira gaur eguerdian, Kalera Kalera ekimeneko kideei babesa adierazi eta presoak «objektu bezala tratatzetik subjektu bezala tratatzeko garaia» dela nabarmendu dute. Horretarako gizarte zein instituzioetatik «palanka» egiteko asmoa agertu dute.

EH Bildu eta EH Baiko ordezkariak Usurbilen izan dira Kalera Kalera ekimeneko kideekin. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
EH Bildu eta EH Baiko ordezkariak Usurbilen izan dira Kalera Kalera ekimeneko kideekin. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

EH Bilduko eta EH Baiko ordezkaritza banak presoen etxeratzea aldarrikatzen duen Kalera Kalera ekimenak Usurbilen daukan gunea bisitatu du, gaur eguerdian. «Adostasun sozialak, adostasun politikoak eta instituzionalak bilakatu behar dira», nabarmendu dute.

EH Bilduko ordezkaritzaren izenean izan dira Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetako ordezkariak; hala nola, Julen Arzuaga, Bakartxo Ruiz eta Asun Fernandez de Garaialde, besteak beste. EH Bairen aldetik Anita Lopepe izan da. Lopepe eta Ruizek adierazi dutenez, «gizartearen eskaera zabal bat» da presoak etxeratzea. «Gure ekimen instituzionalaren bitartez, babesa bilatu behar diogu presoen etxeratzeari. Bultzada politiko eta instituzionalaren bitartez, indarra egin behar dugu etorkizun hurbil batean presoen eskubideak errespetatuak izaten daitezen».

Presoak «objektu bezala tratatzetik subjektu bezala tratatzeko garaia» dela azpimarratu dute. «Eskubideen subjektuak, erabaki politikoen subjektua, erabaki kolektibo eta indibidualen subjektua. Presoen ahotsa entzun behar dugu. Ahotsa eman behar zaie». Zentzu horretan, babesa adierazi diote EPPK-k abian jarritako gogoeta prozesuari.

Era berean, espainiar zein frantziar estatuen «jarrera makurra» salatu dute. «Espetxe politikan ez dute inolako urratsik eman nahi. Egia da, gobernuek dute giltza presoen egoera hobetzeko. Giltza hori ez badute erabili nahi, guk palanka egingo dugu».