NAIZ
BILBO

Bake prozesuaren aldeko elkarretaratzeak egin dituzte Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean

«Bake prozesuaren alde» lelopean elkarretaratzeak egin dituzte Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean hainbat eragilek, Luhusoko atxiloketen ondotik Baionan astelehenean sindikatu, alderdi eta eragile sozialek egin zuten deiari jarraiki.

Bilboko Udaletxearen aurrean egin duten elkarretaratzea. (ARGAZKI PRESS)
Bilboko Udaletxearen aurrean egin duten elkarretaratzea. (ARGAZKI PRESS)

Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian hainbat sindikatu eta alderdi politikotako ordezkariek, «Bake prozesuaren alde» lelopean. Luhusoko polizia operazioaren ondotik Baionan hainbat alderdi, sindikatu eta eragile sozialek egindako deiari jarraiki burutu dute mobilizazioa.

Bilboko elkarretaratzean izan dira Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz ‘Txiki’ LAB eta ELAko idazkari nagusiak. Atxilotuak aske daudelako pozik agertu dira baina leporatzen dizkieten karguak artxibatzeko eskatu dute. «Armagabetzea errazteko ekimena egin dute», nabarmendu dute.

Etxaidek azaldu duenez, «Luhuson gertatutako atxiloketen aurrean Ipar Euskal Herriak emandako erantzunari jarraipena» eman nahi izan diote gaurko kontzentrazioekin. «Ipar Euskal Herriak zabaldutako bide hori Euskal Herri osora zabaltzea» beharrezko jotzen dute eta Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean bezala, Hego Euskal Herrian ere hautetsiak eta ordezkari politikoak armagabetzea modu zuzenean gauzatu dadin inplikatzeko unea dela uste dute. 

Hala, estatuak oztopoak jartzeari utzi eta «herri honek merezi duen bakea eraikitzeko aukera» zabaltzeko eskatu du LABeko idazkari nagusiak.

Muñozek adierazi duenez, egoera «paradoxiko» batean gaude, izan ere ETAk «armarik gabeko erakundea» izan nahi du baina gobernu espainolak eta frantsesak «uko egiten diote armagabetze ordenatu bat egiteari».

Horregatik, bi estatuei «armagabetze ordenatu bati ekiteko borondatea» erakuts dezatela galdegin die.