NAIZ
DONOSTIA

Sortuk prozesuaren blokeoa hausteko presoen konpromisoa nabarmendu du

Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez Sortuko zuzendaritzako kideek Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eztabaida baloratu dute, eta presoak berriro ere gatazkaren konponbideari eta askapen prozesuari laguntzea datozela nabarmendu dute.

Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta. (SORTU)
Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta. (SORTU)

«Urrats berri honekin, EPPK-k berriro ere frogatu du bere konpromisoa konponbide prozesuarekin eta Euskal Herriaren askapenarekin. Ekarpen berri honek, zalantzarik gabe, konponbide prozesuaren blokeoa apurtzen lagunduko du. Ez hori bakarrik, konponbide prozesuaren blokeoa apurtzen laguntzearekin batera, askapen prozesuan aurrera egiteko aukerak biderkatuko ditu».

Horrelaxe baloratu du gaur Sortuk Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eztabaida, eztabaida horren oinarri izango den txostena ezagutu den egunean. Sortuk txalotu egin du EPPK-ren ardura eta erantzukizun historikoa.

EPPK-k berak esandakoari jarraituz, Sortuk urrats berri honen helburuetan jarri du arreta: «kartzelak husten laguntzea eta prozesu soberanista bat martxan jartzeko aukerak biderkatzea».

Halere, kartzelak husteko «gizartearen bulkada» ezinbestekotzat jo dute Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek, «ezaguna baita Estatuen jarrera eta jokabidea». Horregatik, dei egin diote gizarteari kaleak betetzeko. «Kaleak bete beharra daude kartzelak husteko».

EPPKren erantzukizuna estatuen jarrera parez pare jarri ditu Sortuk: «Gauza jakina da Kolektiboak urrats bat eman nahi izan duen bakoitzean, estatuak berau galarazten saiatu direla. Horregatik, dei egiten diegu, batetik Estatu espainiarrari eta frantziarrari, Kolektiboaren eztabaida eta erabakiak errespeta ditzaten; eta bestetik, gizarteari, Kolektiboaren eztabaida eta erabakia babes ditzan».

Itxaropenerako mezua zabaldu nahi izan du: «Bakearen bost artisauen kaleratzeak erakutsi du gizartearen bultzadaz posible dela estatuen gerra estrategia pitzatzea. Indartsuak dira, baina ez garaiezinak. Ez daukagu zalantzarik Euskal Herriak irabaziko dituela bakea, irabaziko duela presorik gabeko etorkizun bat, eta irabaziko duela askatasuna».