Prentsaurreko batean, Portugaleteko Kalera Kalera ekimenak presoen aldeko dinamikarekin bat egiteko prestatu dituenak aurkezteko.
Horien artean aipatu dute Jose Mari Erdozain 66 urteko portugaletetarrak gaurtik hasi eta igandera bitartean egingo duen gose greba.
Kaleragunea ere sortu dute Portugaleten, «elkargunerako eta dinamika aditzera emateko espazioa». Erdozainek bertan egingo du gose greba eta, gainera, herriko eragile politiko, sindikal eta sozialekin harremanak izateko baliatuko dute gune hori.
«Egun –Erdozainen arabera– bortizkeriak eta biolentzioak bere horretan jarraitzen du, eskubide indibidual eta kolektiboak egunero dira zapalduak. Jendarte desaktibatu batean gaude, desmobilizatuta dagoena, eta espero duena beste pertsona batzuek euren arazoak konponduko dituela edo magiaren bitartez konponduko direla».
«Egoera larriak daude, haien artean espainiar eta frantziar kartzeletan euskal militantziak pairatzen duena. Oihu lazgarriak, bihotzetik zein barrenetik ateratzen dituztenak, bai euskal presoek, familiek, lagunek zein gure herriko hainbat pertsonek. Horiek guztiek bakean eta elkarbizitzan aurrerapausoak emango direla uste dute herri bezala gatazkaren konponbide globala ematen bada», azaltzen du Erdozainen gose grebaren zergatiak azaltzeko banatutako eskuorriak.
Era berean, norberak ahal duen heinean konpromisoak hartzeko deia luzatu du portugaletetarrak.