Mikel ZUBIMENDI

Gaua hotz eta ametsaren ildoa bihotz, Usurbilgo Dema plazan

Usurbilgo Dema plazan altxatu da aterpea. Kaleragunea du grazia. Litera eta koltxoiekin logela komunitarioa du, aurrean duen jantokia bezala, eta erabilera anitzeko aretoa du sarreran, bertaratzen direnen ongi-etorrirako, konpromiso partekatu bat, ametsaren ildo bat kaleratzeko.

Kaleragunea, Kalera Kalera ekimenaren kanpamentu nagusia, lekutu da dema-plazan. Egunak joan eta egunak etorri, izan elkartasunezko bisitan ala egonaldi luzeagoa egiteko, eme edo ar, gazte edo zahar, euskal presoen aldeko gogoen eta bihotzen pausalekua da.

Gauero-gauero, belaunaldi, ibilbide eta bizipen ezberdineko hogei bat preso ohik bertan egiten du hitzordua. Badira jada laurehundik gora «gautxori» handik pasatuak, eta egitasmoa bukatu artean beste asko pasako dira oraindik. Frankorekin preso egondakoa aurkitu dugu bertan duela aste batzuk atera den minkide azkoitiarrarekin batera, Frantziako kartzelak, Ameriketako deserriak, Soriako hotzak edo Moncayoko ziertzoarenak... oroitzak, erantzi ezin diren jantzi horiek, jantokian ajoarrieroa eta baserriko lagunek oparitu duten gazta dastatzen diren bitartean janzten direnak.

Tarteka, kartzelako moduluetako «komedore» baten traza hartzen du. Umorea ona da, ezpainetan irriak loratuak dira eta aldartea kamaraderiazkoa da, ederra oso. Hirurogeita hamar urtetik gorako preso ohiak bertan daude, hogeita hamabostetik beherakoak, aldiz, ez. Zientoka urte preso egin dituen lagunartea osatzen dute minkideek, batetik bestera, oraindik ere, euskal presoentzat familiarra den geografia kartzelario bat konpartitu dutenak.

Ondo antolatua dago Kaleragunea. Fundamentua nabarmentzekoa da, azpimarratu beharreko diziplina bat. Gauean itzali egin behar diren berogailuek epeltzen dute afaria, eta, pairatu behar izan duten guztia kolkoan gordez, oroitzak jantziz, bizipenak freskatuz, azkar doa afalosteko hitzen jarioa. Gozo, iragana irakasgai, eta, batez ere, etorkizunaren gurpilak izan behar duen ardatzaz mintzo.

Motibazio positiboa

«Barruan daudenak kalera, kalean gaudenok kalera lan egitera», dio batek; «ekintzaletasuna berreskuratzera, txispa eta desafio berriak geureganatzera», besteak. Presoen kolektiboak ireki duen eztabaidaren inguruko berbak gailentzen dira, pattar edo garagardo baten laguntzaz, puru edo zigarreta bilduen keak apainduriko gau hotzean lo-zakuan sartu aurreko hizketaldian. Seriotasun tonu batez, ez datorrela goiz entzuten da, eta, konbentzimenduz, ez dela beranduegi izango. Preso ohien komunitatea inoiz ez bezala dinamizatu dela, hor dauden esperientziak, ibilbideak eta ahalmenak altxor bat direla, tentuz zaindu eta zabaldu beharreko herriaren ondarea. Gogoak eta espektatibak handiak direla, behingoagatik ondo antolatu behar dela hau guztia eta jenderatu egin behar dela minkideak kalera ateratzeko kontraerasoa.

Normala denez gero, sano askoak diren ikuspegi kritikoak ez dira falta. Baina, autoflagelaziorik ez da inon ageri. Kalkuluak kalkulu, jarrera kontua dela ematen da jakitera, motibazio positiboak transmitituz, aurrera begiratzen duen gogo biziaz.

Ederra da, oso, kanpalekuaren ondoan diren komun-kutxetan pattarra edo garagardoa pixepel bota baino lehen, hain ezberdina eta orain hain berdina den «kuadrilla» horren konplizitatea. Bilbokoak, Errenteriakoak, gernikarrak, txantxikuak, bergararrak, gasteiztarrak… bere txikian herri honen erakusle, arrunt apartak diren gauzak egiteko gai den jende arrunt askoa.

Batek medikazioa hartu, besteak praka eta elastiko termikoak jantzi, «gau ona pasa» entzuten da urrutiko literatik, «berdin» egiten diote arrapostu hemendik. Berogailua kendu da. Argiak amatatu dira.

Usurbil herria isildu egin da. Gauak bota du bere tapaki hotza dema plazaren gainean, lo-zakuetan sartuak diren minkideentzat opari. Zurrungak entzuten dira, auto baten motorraren hotsa. Hontz zuria ala mozoloa den jakiterik ez dagoen hegazti baten kantua datorrela sumatu da ondoan den elizaren teilatutik. Hura ere, presente! Adimenean kide, adiskide.

Hotza latza da. Hanketatik sartuta, behetik gora, atrapatzen duen horietakoa. Aho zabalka lo daudenen zintzurrei lurruna darie. Barruan dituzten minkideek gauero-gauero ametsetan ihes-plan bat egiten duten bezala, hauek ere amets bat dute ildo: Euskal Herriko kaleak hartzea, barruan dauden minkideentzat etorbide egin arte.