Jon Ormazabal
EIBAR

Elezkanok eta Zabaletak hirugarren puntua lortu dute partida gorabeheratsu batean (16-22)

Elezkano eta Zabaleta bete betean sartu dira lehen lau postuetan izateko lehian, partida oso gorabeheratsu batean azken postutik irten ezin duten Urrutikoetxea-Imazi 16-22 irabazita.

Urrutikoetxeak eta Imazek azken postuan jarraitzen dute. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Urrutikoetxeak eta Imazek azken postuan jarraitzen dute. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Bezperan Tolosan bezala, partida nahikoa hotza izan da Eibarkoa, 13nako berdinketara arte markagailua nahikoa berdinduta joan den arren, bikote bakarrak ere ez baitu beharrezkoa den jarraikortasunik izan.

Materialak ere ez dio ikuskizunari gehiegi lagundu, bikote bakoitzak oso pilota desberdinekin jokatu du, bote askokoa urdinek eta grazia gutxikoa gorriek, eta hutsak tanto onak baino gehiago izan dira. Hori gutxi ez eta 6-7koan Jose Javier Zabaletak min hartu du eskuin eskuko hatz batean, Urrutikoetxearen dejada bat erantzuten saiatu denean.

Hala ere, Etxarrengo atzelaria berotu denean, gai izan da partidaren oreka hautsi eta piloteoan aginduz, markagailua euren aldera eramateko. Berean txukun aritu den Imaz oiartzuarra dominatzen joan da pixkanaka, Urrutikoetxeak ere gero eta urrutiagotik sartu behar izan du eta etorkizunari begira garrantzi handia izan dezakeen puntua lortu du Aspeko bikoteak.

Jaunarena, oso eroso

Jaialdiko lehen partidan, oso erosoa izan da atzelari bezala egin duen debuta Jon Jaunarenarentzat. Joko bolada izugarrian den Erik Jakak 16 tanto egin ditu eta oso erraz nagusitu dira Ugalde-Tolosaren aurka (22-6).