Haritz LARRAÑAGA

ZOKOKO GOTORLEKUA ITSASOARI LOTUTAKO CAMPUSA IZANGO DA

Itsasoarekin harremana duen industriaren beharrei erantzuteko campus bat eraikiko da Lapurdiko kostaldean. Inbasioei eta olatuei aurre egiteko Zokoan jaso zen gotorleku historikoa ikerketa zentro bilakatuko da eta mugaren bi aldeetako ikasleak bilduko ditu.

Belharra” olatu erraldoien eta Untxin ibaiaren bokalean jasotzen diren olatu txikien artean bada itsasoaren oldarraldiei aurre egiten dien gotorleku bat. Espainiarren erasoen beldur, Donibane Lohizune babesteko eraikin indartsu bat egiteko asmoa izan zuen Henrike IV.a erregeak, baina bere ondorengo Luis XIII.a izan zen azkenean Zokoko gotorlekua eta dikeak eraiki zituena.

1636. urtean Gaztelako tropek babeslekua suntsitu eta Lapurdiko kostaldea mendean hartu zuten. Urte batzuk geroago, berriz ere frantsesen esku geratu zen Zokoa eta espainiarrek utzitako hondakinen gainean berreraiki zuten gotorlekuak egun zutik dirau, baina bere funtzioa erabat aldatua da.

Azken urteetan, itsasoko kirolak maite dituztenen egoitza edo turistentzako bisitaleku aproposa izan da gotorlekua, baina aurrerantzean ikasteko eta ikertzeko eremua izango da nagusiki. Esate baterako, gotorlekuaren ondoan ibiltzen diren surflari eta urpekarien neoprenozko ur jantziei alternatiba ekologikoago bat bilatzeko ikerketak egingo dira. Industria nautikoak dituen beharrei erantzuteko eta hobekuntzan esploratzeko zentro bat izango da.

Babesleku izatetik ikasleku izatera

2003an UCPA (Union des Centres de Plein Air) erakundeak eraikina utzi zuenetik abandonatua zegoen. Inguruneak duen edertasunagatik eta gotorlekuak paisaian duen eragin bistakoagatik, gero eta nabariagoa zen lekuaren degradazioa. Gotorlekua ezin zela usteltzen utzi iritzita, Ziburuko Udala eraikina erosteko gestioak egiten hasi zen. Hala, Hego Lapurdiko Hiri Elkargoak (Ziburu bertako partaide da) 700.000 euroan erosi zion eraikuntza Estatuari 2012ko maiatzean. Hurrengo urratsa eraikina zertarako erabili eta berrikuntza lanak nola bideratu erabakitzea zen. Horrela, duela egun batzuk proiektua aurkeztu zuten gotorlekuaren etorkizuna norantz bideratuko den iragartzeko.

Hego Lapurdi Hiri Elkargoak eta Bordeleko eta Euskal Herriko unibertsitateek bat egin dute ikerketa zentro berritzailearen proiektua elkarrekin gauzatzeko. Erosketa, zaharberritze lanak eta instalazioen hornikuntza barne, guztira zazpi milioi euroko kostua izango du egitasmoak eta hiru erakundeen artean banatuko dituzte gastuak. Oraingoz Hego Lapurdi hiri elkargoa soilik izan da dirua jarri duena (gotorlekua bera erosteko), baina bestelako diru laguntzak ere jasoko dituzte Akitania-Euskadi Euroeskualdetik.

Hala ere, ez da eraikinaren berreskuratze lanen kostua sustatzaileak gehien arduratzen dituena, ez baitute ikusten behar duten dirua lortzeko zailtasun handirik. Aldiz, ikerketak finantzatzeko beharrezko diru-laguntzak eskuratzea konplexuagoa da, baina eremu horretan ere aukerak aztertzen ari direla iragarri zuten bozeramaileek.

2019ko ikasturterako prest

Lanak datorren irailean hasiko dira, uda sasoia pasa ostean, eta aurreikuspenak betetzen badira, 2018ko maiatzerako amaituta beharko lukete. Horren ostean, eraikina hornitzeari ekingo diote eta helburua 2019ko irailean hasiko den ikasturte berrirako dena prest izatea da. Momentu horretatik aurrera, Océan Expérience egitasmoa gauzatzeko bitartekoa izango da campusa eta Zokoko gotorlekuak Campus Océan Innovation izena hartuko du.

Ehun ikasle inguru bilduko ditu formazio plataforma berriak, eta nork bere eremu edo espezializazioan sakonduz, doktoretza, lizentzia edo masterra burutu ahal izango du. Jakintza mailan proiektu honek egingo duen ekarpena esanguratsua izango da, dudarik gabe, baina horrez gain, bestelako fruituak ere emango dituela uste dute arduradunek, hala nola lanpostu berriak sortzen edo enpresa berriei azpiegiturak eskaintzen.

Zokoko postal-txarteletan agertzen den eraikin enblematikoak bere izaera publikoari eutsiko dio, bisitarientzat irekia izango da, baina aldi berean, ikasleentzako azpiegiturak eraikiko dira. Esate baterako, ikasleentzako ehun eserleku baino gehiago izango dituen anfiteatro bat egingo da, baita kafetegi bat ere, azken hau jendarteari irekia egongo dena. Modu berean, campuseko aretoak erabilgarri izango dira elkarte desberdinen beharrei erantzuteko.

Ibilgailuentzako aparkalekua egokituko da, egun belaontzi eta txalupak uzten diren eremuaren ondoan. Ostatu hartzeko, berriz, ikasleek Ziburuko gazte aterpetxera jo ahal izango dute.

 

itsas kirolen inguruko industria sustatzeko mugaz gaindiko proiektua

Bordele eta Euskal Herriko unibertsitateak arlo anitzetan ari dira elkarlanean, eta, zentzu horretan, Campus Océan Innovation egitasmoa bi komunitateen arteko lankidetzan beste urrats bat da. Elkarlan horrek, gainera, Akitania-Euskadi Euroeskualdearen ezagutzaren triangelua egituratzen du. Izan ere, Iñaki Goirizelaia, orain arteko errektoreak, zioen moduan, «ezagutzak eta formazioak ez dute mugarik».

Zarautz eta Hossegor artean dagoen itsas kirolen inguruko ekonomia kontuan hartuta, mugaz gaindiko ekosistema bat eraiki nahi da Ocean Experiences proiektuarekin. «Industriaren beharrak entzuten jakin behar da, gure ikerketen subjektua egokitzeko», Goirizelaiaren esanetan.

Ekimen askotarikoak garatuko dira itsas kirolen sektorean lan egiten duten enpresekin batera. Helburua, sortzen diren erronkei aurre egiteko formazioa eta ikerketa uztartzea da, eta horretarako, lau hizkuntza erabili ahal izango dituzte ikasleek. Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusiekin batera, ingelesa ere presente izango baita. H.L.A.