Jon Ormazabal

Ezkurdia eta Merinok ez dute Aimarren hutsunea alperrik galdu (22-12)

Txapelketan sartuta jarraitzeko behar beharrezkoa zuten Ezkurdia-Merino II.ak hirugarren puntua lortzea eta ez zuten Sorian agertu zitzaien aukera paregabea alperrik pasatzen utzi, Victor-Untoriari 22-12 irabazita. Goizean jakin zuten, sukarrak jota, Aimar Olaiolak ezin izango zuela jokatu eta bere lekua Victorrek beteko zuela.

Ezkurdia, aurreko partida batean. (Jaizki FONTANEDA/AFP)
Ezkurdia, aurreko partida batean. (Jaizki FONTANEDA/AFP)

Abantaila hori gutxi ez eta, jokoan ere opari asko egin dizkiete Asegarceko pilotariek Aspekoei, denera 11 jokoan eta baita sakez egindako bi falta ere bai.

Halaxe hasi zuen, trakets, partida Aimarren ordezkoak, lehen pilotakadan pasa egin zuen Ezcaraykoak eta hurrengo tantoan bi errioxarrek ez zuten elkar ulertu Ezkurdiak jotako pilotakada bati erantzutearekin. Hala ere buelta eman diote hasiera kaxkar honi eta aurrelariak errematean asmatuta, 7-8 ere aurre hartu diete faboritoei.

Asegarcekoen joko onak, ordea, ez du jarraikortasunik izan. Sakez egindako bigarren faltarekin, oraingo honetan oso trakets atera eta ezker pareta jo du Victorren pilotakadak, partida berdindu da eta hortik aurrera kolore bakarra izan du partidak, Aspekoen gorria. Untoria erabat erori da, David Merinok ondo dominatu du eta batez ere huts gutxiago egiteagatik, Ezkurdiak zenbait bolea on ere gurutzatu ditu, garaipen erosoa lortu dute Ezkurdia-Merino II.ak.

Emaitza honekin, bost dira hiruna punturekin berdinduta dauden bikoteak eta Irribarria-Rezusta liderrek hiru puntutako aldea ateratzen diete bigarren sailkatuei.