NAIZ

Euskal Herriko txoko gehienak bisitatuko ditu Korrika 20k

Martxoaren 30ean Otxandiotik abiatuta, Gasteiz egun horretan bertan bisitatuko du Korrikak. Apirilaren 2 eta 3an iritsiko da herri lasterketa Ipar Euskal Herriko hiriburuetara eta kostaldetik Donostia (hilak 4) eta Bilbo (hilak 6) gurutzatu ostean, Iruñerako bidea hartuko du, bertan, apirilaren 9an, amaiera jaialdia ospatu asmoz.

Korrika 20 ibilbidea, herriz-herri.
Korrika 20 ibilbidea, herriz-herri.

20. Korrikaren ibilbidea ezagutarazi du AEK. Jakina zenez, Euskal Herri osotik pasako den euskararen aldeko herri lasterketa erraldoia martxoaren 30ean hasiko da Otxandion, eta apirilaren 9an amaituko da, Iruñean.

Ohi bezala, aurreko Korrika amaitu zen herrialdean hasiko da aurtengoa, Bizkaian. Otxandiok hartuko ditu lehen lasterkaldi horiek martxoaren 30eko arratsaldeko 17:00etan, eta egun horretan bertan Gasteizen sartuko da.

Arabatik jarraitu eta Nafarroa gurutzatuta, apirilaren 2an Donibane-Garazi bigarren mugarria
joko dute, goizeko 11:00ak aldera. Arratsaldean Baiona zeharkatu, eta Maule iragango du Korrikak, apirilaren 3ko 09:55ean.

Donostiara, aldiz, apirilaren 4ko iluntzean helduko da. Hurrengo egunetan, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldea izango da protagonista, Bilbora heldu arte. Hau ostegunean, hilak 6, 17:00ak aldera izanen da.

Lurralde guztietatik igaro ostean, Euskal Herriko lekukoak hegoaldea eskuz esku zeharkatuko du apirilaren 9ko goizean bere helmugara ailegatu arte: Iruñea. Mezuaren irakurketa eta amaiera jai handiaren hasiera 12:30erako aurreikusita dago, nafar hiriburuko Sarasate pasealekuan.