Asier Aiestaran

Ezkurdia eta Merinok bikain amaitu dute lehen itzulia

Laugarren garaipena eskuratu dute Logroñoko Adarraga pilotalekuan Jaka eta Zabaletari 22-15 irabazita. Aurreneko bi partidak galdu arren, azkeneko bostetatik lau irabazi dituzte.

Binakako Txapelketa oso gaizki hasi arren, Joseba Ezkurdiak eta David Merinok sailkapenaren goialdean amaituko dute ligaxkako lehen itzulia. Aurrelari nafarrak eta atzelari errioxarrak Jakak eta Zabaletak baino akats gutxiago egin dituzte Logroñoko Adarraga pilotalekuan eta 22-15 gailendu dira.

Lehen zatia oso berdindua suertatu da. Espero bezala, Jose Javier Zabaleta atzeko koadroetan nagusi izan da eta Erik Jakak, Danel Elezkanoren ordezkoak, nahikoa ongi baliatu ditu bere aukerak hasiera horretan. Lau berdinketaren ostean (1-1, 4-4, 5-5 eta 9-9), partida 12-11kora heldu da irabazlea nor izan zitekeen tankerarik hartu gabe.

Zabaletaren agintea, ordea, apurka-apurka itzaltzen joan da, eta David Merinok aldiz zertxobait gora egin du. Gainera, Jakak erremate dezente huts egin ditu, lauzpabost pilota bai txapara, eta gorriak errenta polita hartzea lortu dute. 12-11tik 15-11ra joan dira tarte horretan.

Ezkurdiak ere huts batzuk egin ditu, urdinei 16-15era hurbiltzeko aukera emanez, baina hortxe amaitu da emozioa, gorriak zuzenean 22ra joan direlako azken sei tantoak erreskadan eginez.

Lehen itzulia astelehenean amaituko da Tolosan, Urrutikoetxea-Imaz (garaipen bakarra sei partidatan) eta Victor-Albisu (hiru puntu oraingoz) bikoteen arteko demarekin.