Itzuli handia eman beharko dio Eibarrek kanporaketari Kopako final-erdietan egon nahi badu. Atletico Madrilek abantaila garrantzitsua lortu du joaneko partidan eta aurretik faborito baldin bazen, zer esanik ez gaurko errenta lortu eta gero.
Indartsu sartu dira etxekoak partidan, eta lehen minutuetan defentsan aritzea egokitu zaio Eibarri. Aldi berean, kontraerasoan arriskua bilatzen zuten Mendilibarren mutilek. Baina Eibar hobe ari zenean, pare bat aukera sortu dituenean, iritsi da Atleticoren lehen gola. Griezmannek buruz egin du, Yoelek irteeran huts egin eta gero. Bi minutu lehenago epaileak Savicen gol bat baliogabetu du.
Eroso sentitu dira Simeonerenak ordutik aurrera. Partida handia egin gabe nagusi izan dira berdegunean.
Bigarren zatian nagusitasun hori berretsi baino ez da egin, eta sailkapena argitzera atera dira txuri-gorriak. Eibar, aldiz, ideia gutxirekin. Hala iritsi da bigarrena. Carrascok bi jaurtiketa egin ditu eta hirugarren errebotean Correak egin du gola. Ordu erdi zegoen aurretik eta madrildarrek ez dute itzulerako partidarako ezer utzi nahi izan.
Honela, 67. minutuan, korner berean hiru aldiz errematatu dute buruz arean etxekoek, eta hirugarrenean Kevin Gameirok sareetara bidali du.
3-0 amaieran, eta gauzak oso zail Eibarrentzat.