NAIZ

Turista kopuruak goraka egin du bigarren urtez jarraian

Bigarren urtez jarraian, turista kopuruak goraka egin du 2016an. Udalak emandako datuen arabera, 877.847 bisitari jaso ditu Bizkaiko hiriburuak joan den urtean.

Deustuko zubia eta Guggenheim museoa atzean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Deustuko zubia eta Guggenheim museoa atzean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

2015ean erregistratutako bisitari kopuruarekin alderatuz, %7,9 igo da aurten turista kopurua Bilbon. Zabaldutako datuen arabera, bisitari gehienak Estatu espainiarretik -515.449 hain zuzen ere−, etorri dira. Euskal Autonomi Erkidegotik eta Nafarroatik iritsitako bisitariak ere jatorri eta kopuru honen barruan sartu ditu Bilboko Turismo bulegoak.

Gainontzeko turisten artetik −362.398− % 17,5 Estatu frantsesetik etorri dira, hauen artean kokatuko lirateke Ipar Euskal Herritik etorritako bisitariak Bilboko Turismo bulegoak emandako datuetan. % 11,1 berriz, Britainia Handitik, eta horren ostean Alemaniatik −%10,6−, Estatu Batuetatik −% 8,1 , Italiatik −% 7,6− eta Herbeheretatik −% 5,2−.

Aldi berean, ostatuetan igarotako gauei dagokienez, inoiz baino kopururik altuena jaso dela azpimarratu dute, 1.689.806 hain zuzen ere; 2015ean baino % 8,3 gehiago.

Nazioarteko mapa turistikoan hiria erreferente bilakatu dela nabarmendu dute Udaletik.