Jon Ormazabal

Aimar Olaizolak ez du azken hitza esan (22-12)

Altuna-Barriolak Asegarceko bikotea txapelketatik kanpo uzteko aukera zuen gaur Ogetan, baina Aimar Olaizolak bere azken hitza ez duela esan garbi utzi eta partidako pilotaririk onena izan da (22-12).

Nagusi dela erakutsi du gaur Aimar Olaizolak. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Nagusi dela erakutsi du gaur Aimar Olaizolak. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Aimar Olaizola aurkariarengan ahuldade txiki bat ikusi eta horri etekinik gehien ateratzen dion pilotarietako bat da eta berarekin ere, badaezpada, hobe horrela jokatzea. Untoriak izandako zalantzekin aurkariek ez dute halakorik egiten jakin eta garesti ordain dezakete. Ogetan, Altuna-Barriolak Asegarceko bikotea txapelketatik kanpo uzteko aukera zuen, baina goizuetarraren erakustaldi berri batek sailkapena asko estutu du.

Eta hori urdinak aurretik hasi direla, batez ere, epaileen erabaki zalantzagarri baten ostean, 4-7 aurreratu ahal izan dutenean. Untoria zalantzaren batekin hasi da, eta hasieran ez du Aimar dominatu, baina bere aurrelariaren erakustaldiak konfiantza eman dio eta pixkanaka goraka egin du, partidaren jabe bilakatu arte.

Partida material aukeraketa egunean hasi ziren irabazten Asegarcekoak, saskiko pilotarik bizienak aukeratu zituztenean. Ez da ohikoena Aimarrek horiek aukeratzea baina hor egon da partidako giltzetako bat. Sakea oso goitik aterata, Barriola bederatzitik erantzutera behartu du eta Gasteizekoa bezalako pilotaleku exigente batean abantaila handia eman dio. Tanto guztietan bi koadro aurreragotik aritu dira gorriak eta aukera hori ez du pasatzen utzi Goizuetakoak, bide batez averagea ere euren aldera ekarriz.

Altuna saiatu da eta txaparekin haserretu ere egin da, bost aldiz jo du, baina behartuta jokatu du oso eta horrela ez dago mirarik egiterik.