Jon Ormazabal

Victor-Albisu eta Bengoetxea VI-Larunberen garaipen erosoak

Pixkanaka hasi dira gauzak argitzen Binakako txapelketan eta ostiral gauean Irribarria-Rezustak lasaitasunaren zortzigarren puntua eskuratu ostean, txanponaren beste aldean geratu dira porrot mingarriak jaso dituzten Altuna III.a-Barriola (22-8 Victor-Albisuren aurka) eta Urrutikoetxea-Imaz (22-9 Bengoetxea VI-Larunberen aurka).

Albisuk asko gozatu du pilota (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Albisuk asko gozatu du pilota (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Bi partidek elkarren arteko antz handia izan dute, bai Idiazabalen eta baita Labriten ere, historia gutxiko partidak izan dira eta. Igarondo pilotalekuan Asegarceko bikoteak oso garbi izan du hasieratik jokoa atzean kargatu behar zutela eta oso partida serioa eginda, garaipen erraza lortu dute. Bertan jokatutako azken hiru partidak galdu ostean, Albisuk bazuen gogoa etxetik horren gertu partida irabazteko eta sekulako partida jokatu du. Bi eskuekin asko jo dio, Barriola erabat dominatu du eta Victorrek ere bikain probestu du aukera.

Iruñean ere, Bengoetxea-Larunbe Urrutikoetxea-Imaz baino asko gehiago izan dira. Astelehenean liderrak garaituta, aste bikaina borobildu dute leitzarrak eta galdakoztarrak, bi puntu oso garrantzitsu batuz. Idiazabalen bezala, Larunbe pattal xamar ibili den Imaz baino askoz gehiago izan da, zuloak ireki ditu eta bolada bikainean dabilen Oinatz Bengoetxeak beste erakustaldi bat eman du erasoan.