NAIZ

Gaixo dauden presoen aldeko hainbat mobilizazio izango dira asteburu honetan

Gaixo dauden Manu Azkarate, Oier Gomez eta Ibon Iparragirreren inguruko azken berrien ostean, hainbat deialdi egin dira asteburu honetarako. Bihar, 19.00etan, Tolosako triangeluan elkarretaratzea izanen da, larunbatean, Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan 13.00etan, eta igandean, Ondarroan, 13.00etan. Sarek eta Sortuk parte hartzeko deia egin dute.

Gaixo dauden presoen askatasunaren aldeko mobilizazioa. (ARGAZKI PRESS)
Gaixo dauden presoen askatasunaren aldeko mobilizazioa. (ARGAZKI PRESS)

Asteburu honetarako gaixo dauden euskal preso politikoen alde antolaturiko mobilizazioetan parte hartzera deitu du Sarek. Ostiralean, Tolosan, Manu Azkarateren herrian, 19.00etan Triangeluan; eta larunbatean, Oier Gomezen hirian, Gasteizko Andra Mari Zurian, 13.00etan elkarretaratzeak izanen dira. Igandean Ondarroan, Ibon Iparragirreren herrian, IparraGalduBaik plataformak ere mobilizazioa antolatu du 13.00etan, Alamedatik abiatuta.

Espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan «alarma guztiak» piztu direla iritzi du Sarek. Zentzu horretan kokatu ditu azken egunetan Oier Gomez, Ibon Iparragirre eta Manu Azkarate euskal preso politikoen inguruan jaso diren berriak. Gomez Pitie Salpetrieko ospitalean dago, biopsia baten zain, Iparragirrek bi eraso jasan zituen 24 ordutan Alcala Mecoko espetxean eta Azkarate tolosarra ere ospitaleratu egin behar izan dute

«Ez da kasualitatea, baizik eta, logika gaizto baten ondorioa. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak espetxean mantentzearen logikarena», salatu du Sarek ohar baten bidez. «Denbora daramagu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen bizitzarekin errusiar erruletara jolastea utz dezatela ohartarazten», gehitu dute.

Honen aurrean, «behar beharrezkotzat» jo dute eragile sozial, sindikal eta alderdi politiko ezberdinetatik, instituzio eta komunikabideetaraino, «finean euskal jendarteak bere osotasunean, giza eskubideen defentsan gure ahotsak baturik altxatzea».

Sortuk ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.