NAIZ
TOLOSA | SOPELA

Euskal estatu burujabeaz galdetuko dute Tolosaldean eta Uribe Kostan

Tokian toki, Gure Esku Dagok sustatu duen dinamikaren baitan udaberrian izango diren galdeketen bidean urratsak ematen ari dira eta gaur euren galdeketetan izango den galdera aurkeztu dute Tolosaldean eta Uribe Kostan. Bietan ere euskal estatu burujabe bateko herritar izatearen aukeraz galdetuko dute. 

Sopelan aurkeztu dute Uribe Kostako galdera. (Luis JAUREGIALTZO | ARGAZKI PRESS)
Sopelan aurkeztu dute Uribe Kostako galdera. (Luis JAUREGIALTZO | ARGAZKI PRESS)

Ia galdera bera izango dute erantzuteko Tolosaldeko eta Uribe Kostako herritarrek udaberrian egingo ditzuten galdeketetan. Gipuzkoako eskualdean martxoaren 19an izango da eta galdera, «nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?». Uribe Kostan maiatzaren 7an izango dute 25.000tik gora herritarrek galdeketan parte hartzeko aukera eta galdera ia bera, «Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan gura duzu?»

Gaur aurkeztu dituzte bi eskualde hauetan euren galderak, bietan ere emaitzara iristeko prozesu parte hartzailea egin dute. Tolosaldeko galderaren berri emateko 300 bat herritar elkartu dira Tolosako Alondegian. Aurrez, bizikleta martxa egin dute eskualdeko lau puntu ezberdinetatik abiatuta. Ekitaldian «Gure Esku Dagoela esatetik Gilzarri garela sinesterainoko pauso itzela eman dugu urte gutxian» esanez hasten den adierazpena irakurri dute. Izan ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak ‘Giltzarri’ izena hartu du Tolosaldean. Eskualdea osatzen duten 28 herrietako herritarrei botoa emateko deia egin diete.

Uribe Kostan ere agerraldi jendetsua egin dute Ados taldeak deituta. 32 laguneko lan batzorde batek landu du kasu honetan galdera. Barzorde horretan EAJ, EH Bildu eta Podemos Ahal Duguko kideek ere parte hartu dutela nabarmendu dute. 

Eskualdeko herri gehienetan izango da galdeketa maiatzaren 7an (Lemoiz, Gorliz, Plentzia, Barrika, Urduliz eta Sopela). 16 urtetik gorako 25.185 herritar daude bertan deituak. 

600.000 biztanle erabakiz, uda hasterako

Bi data nagusiak aipatutakoak izango dira, martxoaren 19an Tolosaldeaz gain Astigarraga eta Hernanin, Oiartzualdean eta Larrabetzun galdeketak izango dira. Maiatzaren 7an, berriz, Uribe Kostaz gain Debabarrenan, Durangaldean, Lasarte-Orian, Usurbilen, Lea-Artibai eskualdean, Legution, Urkabuztaiz, Orozko, Uribe Butroen, Zeanurin eta Urola Kostan ere galdeketak izango dira. 

Aurrez, apirilaren 2rako hitzordua dute Busturialdean eta Arrigorriagan eta udara iristerako, ekainaren 18rako, galdeketak deitu dituzte Nafarroan Basaburuan, Bortzirietan, Imotzen, Mendialdean eta Sakanan. 

Udara iristerako, beraz, 600.000 bat herritarren eremuan estatus politikoaz galdeketak eginda izango dira. Udazkenerako hitzordu berriak ere iragarri ditu Gure Esku Dagok.