Batzar Nagusietan egindako agerrlaidan, erraustegiaren proiektuarekin aurrera egingo dutela berretsi du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatutak.
Agerraldiaren harira, EH Bilduko batzarkide Iban Asenjok gogoratu du erraustegiaren proiektuak «nahas-mahas juridikoan blokeatuta» jarraitzen duela eta auzibideak ez direla itxi: ingurumen baimenari buruz oraindik ez du erabaki Auzitegi Nagusiak; 2011n esleitutako beste planta baten adjudikazioa indarrean dagoela dio beste sententzia batek eta, gainera, GuraSOSek salaketa bat jarri du hondakin plana lanak egin arte luzatu egin dutelako, hori legez kontrakoa dela argudiatuz.
Ondorioz, epaitegietan «izugarrizko katramila juridikoa» dagoela azpimarratu du Asenjok. «Baina benetako arazoa, benetan larria dena, ez dago epaitegietan, kaleetan baizik», nabarmendu du.
Asenjok azaldu duenez, «herritarrek akordioa nahi dute, behin eta berriro adierazi dute azpiegitura honekin ez dagoela kontsentsurik. Kezka, alarma soziala eta gatazka besterik ez du sortzen Aldundiaren jarrerak».
Horregatik, «haustura sozialean jarraitu beharrean», erraustegiaren «inposaketa» alde batera utzi eta akordioak bilatzeko deia egin diote foru gobernuari.
Beste alde batetik, EH Bilduk jakinarazi du gaurko batzordean Asensiok ahoz erantzun behar izan dituela koalizioak egindako galderak, idatziz eskatutako informazioa ez duelako Batzar Nagusietara bidali. «Bertan, –azaldu dute– Gipuzkoako lohien tratamenduari buruz galdetuta, beste behin argi geratu da Diputazioak erraustegia justifikatzeko egindako prognosia erabat puztuta dagoela». Izan ere, «lohiak agertzen dira azpiegiturak behar dituen tona moduan, eta GHKk ez du inongo eskumenik lohiak Zubietako plantan erretzeko erabakia hartzeko».
Gainera, EH Bilduk ohartarazi du gaurko araudiaren arabera legez kanpokoa dela «lohiak erraustegian sartzea pretratamendua egin gabe».