Publiko helduari zuzendutako antzezlana da ‘Euskal musikaren benetako istorioa’, umorezkoa eta euskaraz. Patxo Telleriak sortu ditu testuak eta Mikel Martinezek eta Telleriak berak «zuzenean antzezteko duten estilo paregabearekin defendatuko dute taula gainean».
Oraingoan, bikoteak beste hiru musikari-aktorekin partekatuko du eskenatokia, «hitzari zuzeneko musikaren indarra gehituz». Zeregin horretan arituko dira Adrian Garcia de Los Ojos, Maria Arriaga Telleria eta Ivan Allue. Guztia zuzentzeko lanetan Jokin Oregi izango da.
Euskal kantutegian oinarritutako antzerki ikuskizuna da, «gure musikarekiko maitasuna dariona», baina Ez dok Hiru bikotearen «estilo eroa, nahasgarria eta irrigarria azalerazten duena». Ikuskizun berrian 200 abesti baino gehiagoren zatiak agertuko dira, «eta denak ez badira, gehienak ezagun egingo omen zaizkigu».
Emanaldiak martxoaren 7an eta 8an izango dira, 11:00etan eta 20:00etan, eta sarrerak salgai daude, 6,50 eta 18 euro artean.