Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera, otsailak 376 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda. Orotara, 179.943 langabe daude erregistratuta.
Jaitsierarik nabarmenena Nafarroan eman da (%1,27), aurreko hilabetearen amaierarekin alderatuta 522 langabe gutxiagorekin. 40.720 nafar daude enplegu bulegoetan izena emanda, iazko otsailean baino 4.376 gutxiago (%9,70eko beherakada).
Araban ere behera egin zuen tasak otsailean, nahiz eta modu apalago batean (%0,83, 190 langabe gutxiago). Aurreko urteko datuekiko, jaitsiera %14,34koa da (3.783 pertsona gutxiago). Bukatu berri den hilabetearen amaieran 22.593 arabar zeuden enplegu bulegoetan izena emanda.
Gipuzkoan 19 langabe gehiago zenbatu dituzte otsailean (%0,05 gehiago). Iaz baino 4.118 langabe gutxiago daude herrialde honetan (%9,81 gutxiago). Herrialde honetan, 37.848 langabe daude erregistratuta.
Bizkaian, igoera %0,40koa izan da, 317 langabe gehiago zenbatu baitituzte otsailaren amaieran. 2016ko zenbakiekin alderatuta, 7.431 langabe gutxiago zenbatu dituzte, tasak %8,62 behera egin baitu. Orotara, 78.782 langabe daude egun Bizkaiko enplegu bulegoetan izena emanda.
Estatu mailan, otsailean 9.355 pertsonatan jaitsi da langabezia erregistratua. 3.750.876 langabe daude.