NAIZ
DONOSTIA

Foro Sozialak indarkeria ezberdinek eragindako biktimen aitortzarako ekimena egingo du

Bakerako IV. Foro Soziala hartuko du bihar Ibaetako kanpusak ‘Arrazoi politikoengatik preso edo ihes eginda dauden pertsonen itzulera erraztea’ lemapean. Era berean, «indarkeria adierazpen ezberdinek eragindako biktima guztien onarpen, justizia eta erreparazioa» defendatuko dute.

Agus Hernan eta Haizpea Leiazolak aurkeztu zuten Foro Soziala. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Agus Hernan eta Haizpea Leiazolak aurkeztu zuten Foro Soziala. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko bidean, Donostiako EHUren Ibaetako kanpusean IV. Bakerako Foro Soziala egingo da. Oraingoan, bakea lortzeko lanean, «arrazoi politikoengatik preso edo ihes eginda dauden pertsonen itzulera erraztea» landuko dute.

Foro Sozial hau martxoaren 11ren bezperan ospatuko da, Europan «Terrorismoaren Biktimen Egun» moduan izendatukoaren bezperan. Foro Sozialaren arabera bakea «elkarbizitzaren oinarri sendoen gainean» eraiki behar baldin bada, bi ardatz jarraitu beharko dira.

Alde batetik, «indarkeria adierazpen ezberdinek eragindako biktima guztien onarpen, justizia eta erreparazioa» ezinbestekotzat nabarmendu dute. Zentzu honetan, ekimen bat burutuko da biharko jardunaldiaren hasieran. Bertan, Aran Mugika biolinistak Pau Casalsen ‘El cant dels ocells’ pieza joko du.

Bestetik, «gatazkaren ondorioen soluzioa» azpimarratu dute, ETAren armagabetzea eta preso eta iheslariek etxera itzultzeko aukera izatea defendatuko dute.

Biharko ekitaldian EPPKren ekarpen bat espero da baita bi mahai inguru ere. Batean Iñigo Iruin, Laura Pego eta Rafa Sainz legislazioa eta salbuespen neurriak izango dituzte hizpide eta Joseba Azkarraga, Jule Goikoetxea eta Xantiana Cachenautek konponbidea lortzeko elkarbanatu beharreko bidea landuko dute.