Gotzon ARANBURU

Herriak erabiltzen zituen sendabide benetan bitxiak

Resurreccion Maria de Azkuek –Euskaltzaindiako buru izango zenak– euskaldunek gaixotasunei aurre egiteko zer sendabide erabiltzen zuten azaldu zuen 1947an argitaratutako ‘Euskalerriaren Yakintza’ bildumako liburuetako batean. Sarreratik uzten du garbi Azkuek kontu bat: Martin Aranburu eta Manuel Bagok mende erdi lehenago idatzitako ‘Manual de higiene y medicina popular’ liburuan «eriak zer egin behar duen erakusten digute. Liburu honetan, herriak zer egiten duen ikusiko du irakurleak». Desberdintasun nabarmena, bai horixe, ikusiko dugunez.

Plentziko Aramburu farmazia-museoan hartutako irudia. (Gotzon ARANBURU)
Plentziko Aramburu farmazia-museoan hartutako irudia. (Gotzon ARANBURU)

Erreumaren kontrako erremedio hau erabiltzen omen Zeanurin: ekainaren bukaeran lizar eta haritz hostoak bildu eta, behar zenean, egosi eta ur hori goiz eta arratsaldez eman gaixoari. Donibane Garazin, emakumeek bost begiko patata alea sartzen omen zuten poltsa txiki batean, eta poltsa gonapean eraman. Gizonek, berriz, poltsikoan eramaten zuten patata. Arabako Olaetan sendabide benetan bitxia erabiltzen omen zuten: labean su handi bat egin, gero barrua garbitu, eta ondoren gaixoa barrura sartu, labea hoztu arte…

Hazteria edo sarna sendatzeko zera gomendatzen zuten Zornotzan, San Joan eguneko goizean biluzik ibiltzea zelaietako ihintza zapalduz. Arratian uste zutenez «egunean birritan azufre uragaz eta asun moltsoagaz ondo garbitu behar dau gatx hau daukanak. Irugarren egunerako guztiz garbi geldituko da», Azkuek jaso zuenez.

Herpesarentzako ere baziren sendabideak. Barkoxen, baraurik egonda ateratako listuarekin igurtzitzea ona zela zioten. Arratian, iturriko urarekin ezti zuria eta lapa-belarra nahasten zuten, eta koilarakada bana hartzen goizean eta gauean.

Bitxiak dira, halaber, buruko mina kentzeko erabilitako sendabideak. Diman, suge baten azala ipintzen zuten bekokian. Baztanen, Domingo deunari otoitz egitea gomendatzen zuten. Gipuzkoako Arroatik Ondarroako Antiguara eramaten zuten gaixoa, hango kanpaiaren barruan sarrarazi burua… eta hantxe eduki kanpaikadak entzuten, gortu arte!

Arakil herrian ez zuten nolanahiko lana hartzen garatxoak kentzeko. Hasteko, bare bat harrapatu eta zikiratu egin behar zen. Ondoren, aipatu barearekin garatxoak igurtzi, eta pareteko zulo batean sartu barea. Hura erabat sikatzen zenean, garatxoa erori egingo zen. Ormaiztegin sagar bat lau puska egin eta horietako bakoitzarekin igurtzitzen zen garatxoa, eta ondoren lurperatu egiten ziren sagar pusketak.

Lupua sendatzea zaila zela onartuta zegoen, baina Uztarrotzen saiatu saiatzen ziren. Nola? Bada, lupua igurtzita… hildako alargun baten sudurrean.

Ume negartiak gogaikarriak izan daitezkeela, ados, baina gaixotasuntzat jotzea gehiegizkoa izango da beharbada. Bada, nonbait Olaetan ume negartiak ezin zituzten jasan eta  Engrazi Deunaren baselizara eramaten zituzten, eta hango aldarean etzanda eduki, errosario osoa errezatu bitartean. Arratian, nonbait, denetarako balio zuten baselizak zituzten, umeen hizketari zegokionez. Hala jaso zuen Azkuek: «Berbaz ikasteko San Juanera, eta isilduteko Santa Engraziara».