NAIZ

Begoñako igogailua martxan jartzeko eskatu du EH Bilduk

EH Bilduko zinegotzia den Bruno Zubizarretaren ustez, «ez da ulergarria» Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak «haien lana ez egitea» Begoñako igogailua itxita dagoen bitartean.

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak Eusko Jaurlaritzari eta Udalari Begoñako igogailua berehala martxan jartzeko eskatu die.

Ildo horretan, kontsezioa daukan enpresarekin igogailua martxan jartzea ahalbidetuko duen akordio bat lortzea eskatu du koalizioak. «Epaitegietan izandako arazoen ondorioak herritarrek soilik jasatzen ari dira. Erabilerarik ez daukan igogailu hori gero eta egoera txarragoan dago», salatu du.

«Nola da posible legegintzaldi hasieran udal gobernuak esan izana igogailua irekiko dutela eta gaur egun oraindik egoera honetan egotea? Ez dauka zentzurik Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak elkarri ardura botatzen ibiltzea inolako irtenbiderik eman gabe», gaineratu du Zubizarretak.

Akordiorik lortu ezean, EH Bilduk beste aukera bat proposatu du. «Itxaropena frontoitik sarrera egitea metroaren hirugarren lineako obrak aprobetxatuz».

EH Bilduk Alfonso Gil Mugikortasun zinegotziaren agerraldia eskatu du gai hoen inguruan eman diren azalpenak eman ditzan.