LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaia, HIRU, Pentsionistak Martxan eta EKA-OCUV sindikatuek osatzen dute herri akusazioa Kutxabank auzian, eta «pozik» agertu dira epaia jakin ostean «bidegabeko jabetzea egin zutenak zigortuak izan baitira».
Mario Fernandez eta Rafael Alcortak sei hilabeteko zigorra jaso dute delituaren onuradun moduan, eta Mikel Cabiecesek urtebetekoa delituaren egiletzat. «Gure helburua zen Euskal Kutxak-Kutxabanken pribatizazioaren kontestuan eman ziren mesede tratuak zigorrik gabe ez geratzea eta lanik egin gabe, Cabiecesen kasuan bezala, miloietako iruzurrezko soldatak jaso zituztenak penalki zigortuak izatea», azaldu dute ohar baten bidez.
Hala ere, datozen egunetan epaiaren beste alderdi batzuk «patxada gehiagorekin» baloratuko dituztela jakinarazi dute.