NAIZ
Baiona

Euskal presoen «muturreko egoera larria» salatu dute milaka pertsonek Baionan

Gaixotasun larria duen Oier Gomezen eta 27 urte espetxean daramatzaten Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Ion eta Unai Paroten askatasuna aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Baionan. 2.000 pertsona inguru batu dira.

Preso gaixoen eta 27 urte espetxean daramatzaten presoen aldeko mobilizazioa, Baionan. (Idoia ERASO)
Preso gaixoen eta 27 urte espetxean daramatzaten presoen aldeko mobilizazioa, Baionan. (Idoia ERASO)

«Muturreko egoera larriek» batu dituzte milaka pertsona Baionan. Poliziaren arabera, 2.000 pertsona gerturatu dira Lapurdira. Gogora ekarri dute frantziar Estatuan bizi osorako zigorra posible dela eta justiziak «baldintzapeko askatasuna sistematikoki ukatzen duela» salatu dute. Hala ere, baikor agertu dira. «Azken egunetako berriek esperantza berri bat sortzen dute Euskal Herrian. Ez da dudarik, bake prozesua aitzinarazi behar dugu, eta eginen dugu. Apirilaren 8a denen eguna da, bakearen eguna, preso eta iheslarien eguna, biktima guzien eguna».

Honen aurrean Haranburu, Esnal eta Parotek bizi duten egoera «onartezina, ankerra eta bihotzgabea» dela adierazi dute. Modu berean, Oier Gomez gasteiztarrak pairatzen duen egoera nabarmendu dute. «Egoera horren erantzule bakarra gobernu frantsesa da. Ez dugu ahanzten Ibon Fernandez Iradi preso atxikitzea erabaki dutela. Oier eta Ibon etxean eta bizirik behar ditugu!»

Bertan izan dira, besteak beste, ezker abertzaleko kide Rufi Etxeberria, Txetx Etxeberri bakearen artisauetako bat, NPAko presidentzialetako hautagai Phillippe Poutou, Sylviane Alaux PSko diputatua, Battitta Sallaberry eta Christine Bessonart Hendaia eta Senpereko auzapez ohiak, Alice Leiziagezar berdeetako kidea.

Azpimarratu egin dute gaixotasun hauek sendatzeko «ezinbestekoa» dela etxetik egitea. «Badakigu Estatuak ez gaituela entzun nahi, baina gure beharra da salatzea».  Eta bide horretan, gizartearen mobilizazioak duen pisua nabarmendu dute.  «Preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko dinamika indartu behar dugu, denen parte hartzearekin. Salbuespenezko egoera guztiekin bukatu behar dugu, larri eri diren presoak askatu behar ditugu, kondena bukatu duten presoak askatu behar ditugu, dispertsioarekin bukatu behar dugu»,

Frantziar Gobernuak duen «erantzukizuna» azpimarratu dute, eta hauteskundeen aurretik pausoak emateko eskatu dute.  Horretarako, gutun dinamika berri bat iragarri dute. «Aste batzuen buruan gobernu berri bat izanen da frantziar Estatuan. Dinamika berri bat martxan emanen dugu, non milaka eta milaka gutun bilduko ditugun eta eramango Parisera. Horretarako zuen beharra izanen dugu, adi egon eta kasu eman».