Nerea GOTI

«K» hizkia ikastetik leloen esanahia biluztera, Korrikak badu zer irakatsi

Korrika fenomeno atmosferikoen parekoa da egunotan. Bizitzaren eguneroko erritmoan sartu da, baita ikasgeletan ere. Zer da Korrika, zertarako, mezua, lekukoa, kanta, omenduak, milaka lagunen arteko txandak, auzolanaren eredua... Korrikak badu zer irakatsi.

Korrika gure herrietara heldu eta ikasgeletan sartu da azken asteotan. Antolatze lan handia (itzela atal askotan) behar du Euskal Herriko lasterketa handi eta kuttunenak, eta olatua herrietara hurbiltzen ari da egunak pasatu ahala. Prestaketei ekiteko unea da, eta ez fisikoei bakarrik. Euskaltegiak, eskolak, ikastolak, institutuak… datorren hori zer den, zertarako, noiztik egiten den, zer magia gordetzen duen... hori guztia geletan biluzten ari dira, Korrikak irakasteko asko daukalako.

Ulertzekoa denez, Otxandion emozioa azalean dute herritarrek, bertako kaleak 20. Korrikaren abiapuntu bihurtuko zirela iragarri zenetik. «Nork pentsa zezakeen egunen batean Korrikak hemen hasi behar zuela; pentsa hau bezalako herri txiki batentzat zer den». Gisa honetako hausnarketek laburbiltzen dute herrian dagoen giroa, egunen joanarekin areagotzen ari dena. Bertako eskolan, plastikako eta musikako orduetan Korrikarako petoak eta pankartak prestatzen ari dira, eta aldi berean, Korrikaren edizio ezberdinetako leloak eta kantak lantzen ari dira. Hala, ikasmaila bakoitzak Korrikaren kantetako bat aukeratu du eta koreografia propioa prestatzen ari da. Egun nagusia lasterketa erraldoiaren hasierakoa izango da; Korrika Txikiarekin batera, jolasak eta flashmob bat grabatuko dute herriko jendearekin. Eskolako Korrika Batzordeko kide Arantza Iraurgik aurreratu duenez, herria eta eskola oso lotuta daude, komunitate bat osatzen dute, eta horrek badu isla kaleko giroan; «denak zerbait egiteko prest daude».

Eskolako txikienak lekuko erraldoia ikusi orduko hasi dira «ika, ika, ika... hemen dator korrika» esaten. Ez dute hori guztia zer den guztiz ulertuko, baina sumatzen dute berezia den zerbaiten aurrean daudela, ilusioa kutsatzen da, eta berarekin hizkiak, kanten letrak, hiztegia... Ikasle nagusiagoekin ekitaldiaren historia, helburua, lekukoak daraman mezua, leloak eta abar lantzen dituzte eta, nahi izanez gero, www.korrika.eus web orrian dagoen informazio zabalaren artean, ikas unitateak eskuragarri daude, helburuak zehaztuta eta maila ezberdinetara egokituta.

Aiarako Etxaurren Ikastolan, Korrikako kanta ikastetxeko sarrera-irteerako eta goizeko atsedeneko soinu banda dute egunotan. Abestia musikako orduetan ere lantzen dute, eta aldi berean beste kontu batzuen gainean hitz egiten dute geletan. Ana Moreno zuzendariak azaldu duenez, badaude arlo batzuk lantzeko: «Korrika zer da eta zertarako egiten da, zenbat egun irauten du, zenbat kilometro dira, euskararen alde eginiko lanagatik izaten diren omenduak, Remigio Mendiburuk sortu eta Gorriti eskultoreak eginiko erreplika den lekukoaren historia, Korrika munduan nola ospatzen duten, mezuarekin zer esan nahi diguten...». Azaldu duenez, geografia bera ere landu daiteke euskararen aldeko lasterketaren bidez, eta horren erakusgarri, Lehen Hezkuntzako nagusienak mapa erraldoi batean egunez egun ibilbidea zehazteaz arduratu dira.

Korrika ondo egiten erakutsi

Erronka handia dute 20. Korrika, eskola ordutegian igaroko baita herritik, eta txiki-txikiak kenduta ikasleen gehiengoak Korrika handian parte hartzeko aukera izango du. Aukera itzela da, baina ikasleen segurtasunarekin lotutako zenbait kontu lotu behar dira aurretik, ikasleek korrika zelan egin behar duten erakutsi, non gelditu behar duten, korrika egin bitartean zelan jokatu behar duten... Horregatik, arauak zehaztu dituzte aurretik, horiek ere ikasleekin komentatzeko: furgonetaren atzean utzi beharreko tartea errespetatzea haren ke guztiak ez irensteko, lekukoa daramana ez aurreratzea, zenbait momentutan martxa moteldu beharra... Mezu horien artean, gogoraraziko da Korrika ez dela lehiaketa, lehena izatea ez dela garrantzitsua, eta Korrikarekin «denok irabazle garela, euskara delako irabazlea».

Euskaltegietara jo du GARAk zer giro dagoen galdetzeko, eta jakina, Korrika pil-pilean dago. «Pasilloetan dagoen gaia Korrika da», baieztatu du Alicia Iribarren Erriberako AEKko arduradunak. Aspalditik jorratzen ari dira geletan. Euskaltegira lehen aldiz doazenen artean sortzen du ekitaldiak ezusteko handiena. Ezagutu ezagutzen dute, baina ezin dute imajinatu hamar egunetan gau eta egun gelditu gabe ibiltze horrek zer suposatzen duen, zenbat lagunen ahaleginak biltzen dituen, «eta deskubritzen duten hori oso sorpresa ona izaten da», dioenez. Gelatik kanpo, ikasle batzuek kartelak ipintzen, Korrika Kulturaleko ekitaldien antolakuntzan eta halakoetan laguntzen dute. Boluntario lan hori norberaren izaera, nahi eta ahalmenaren araberakoa da, baina hor dago eta, Iribarren hitzetan, «laguntza handia da hori».

Jakina da Erriberako eremu handietan kilometroak luze egiten direla eta hunkigarria da hainbat lagunek bertako kilometroak egiteko agertzen duten prestasuna; ez dago ordu txarrik ez hotzik kilometro isolatu horiek korrikalariz hornitzeko.