NAIZ

Katsumi Komagata ilustratzaile japoniarrak irudigintzako ikastaro bat eta hitzaldi bat emango ditu

Katsumi Komagata ilustratzaile japoniarrak BilbaoArte Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroa bisitatuko du eta irudigintzako ikastaro bat eta hitzaldi bat eskainiko ditu.

Katsumi Komagata astelehenetik ostiralera bitartean egongo da BilbaoArten, Bonito argitaletxeak antolatutako Cursos Bonitos ikastaroen barruan, eta hitzaldia asteazkenean izango da, martxoaren 29an, 19.30etan, BilbaoArteko kristalezko patioan. Apirilean, Pablo Auladell eta Mariana Miseravel izango dira irudigintzari buruzko ikastaro trinko horiek ematen.

Irudigile japoniarrak Komagata metodoa erakutsiko du Bilbon, ilustrazioen bidez liburuaren irakurlea harritzea helburu duen metodoa, alegia, eta koloretako paperak, paper tolestuak eta Tokiotik ekarriko materialak erabiliko ditu.

Inspirazio iturri alaba izan zuen, baina, berez, diseinatzaile grafikoa da. «Bere liburuak esperientzia bisual bikainak dira txiki eta helduentzat. Ilustrazioaren bidez estimuluak piztea du helburu bere lanekin», adierazi dute Bilboko Udaletik.

Cursos Bonitos delako ikastaroek 30 eskola orduko iraupena izango dute, goizeta arratsaldeko ordutegian. Komagataren eta Miseravelen ikastaroak bost egunekoak izango dira, 09.30etatik 13.00etara eta 15.00etatik 17.30era; Auladellen ikastaroa, ordea, lau egunekoa izango da, 09.30etik 13.30era eta 15.30etik 19.00etara.

Komagataren eta Miseravelen ikastaroak ingelesez izango dira, gaztelaniazko aldi bereko itzulpenarekin.