NAIZ
Donibane Lohizune

468 afixa kokatu ditu Bizik Donibane Lohizuneko BNPren egoitzan zerga ihesa salatzeko

Panamako paperetan BNPk 468 offshore konpainia sortu zituela zabaldu zen, eta hau salatzeko, Bizi! mugimenduak 468 afixa kokatu ditu bankuak Donibane Lohizunen duen egoitza batean.

Panamako paperak salatzeko paperez estali du Donibane Lohizuneko BNP bankua Bizi! mugimenduak. «BNP Zerga ihesaren hobendun», dela salatu dute hainbat kidek. Adierazi dutenez, BNPk 468 offshore konpainia sortu zituela diote Panamako paperek.

Era berean, «aulkiak bahitzeagatik» epaitua izanen den Florent Compaini elkartasuna adierazi nahi izan diote. Duela bi urte zenbait banketxek paradisu fiskaletan duen jarduna salatzeko «aulki bahiketak» egin zituen Bizik, gerora Estatuko hainbat hiritan errepikatu zirenak.

Modu honetan, Bizi!ren 25 militantek Panama paperen lehen urteburua ekarri dute gogora. Nazioartean paradisu fiskalen aurkako astea ospatzen ari da aste honetan, eta horren baitan kokatu dute ekintza.

«Urtebete Panama Papersen agertzetik, zerga ihesaren sistema antolatuaren aktore nagusiak oraino zigorrik gabe dira. BNP oraino frantses Estatu mailako bankuetako txapelduna da bere offshore adarrei esker dituen 2432 milioi euroko etekinekin», nabarmendu du Jon Palais, Bizi mugimenduko bozeramaleak.

«Gaur, BNPa akusatuen aulkian ezarri behar da, Standing Rock erreserbako Sioux-ak bezalako herrien eskubideak urratzen dituzten enpresei ekartzen dien babesan, Dakota Access Pipeline bezalako proiektua sustengatuz, edo Texas LNG eskisto gas-aren terminala AEBetan sustengatuz, krisi klimatikoaren larriagotzean duen eginkizunarengatik», gehitu du Anaiz Aguirre bozeramaileak.