NAIZ
IRUÑEA

2.500 kilometro eta gero, Iruñeko Sarasate pasealekuan egingo zaio ongi etorria Korrikaren lekukoari

Beste edozein herri edo hirik baino gehiagotan hartu du Korrikaren hasiera edo amaiera Iruñeak, eta 20. edizio honetan ere bertan amaituko du 2.500 kilometro baino gehiagoko ibilbidea. Zehazki, Sarasate pasealekuko Foruen monumentuan. Honen ostean jaiak hiria hartuko du, musika, azokak eta baita bertso-bazkari batekin ere.

Korrikaren azken eguneko jaia aurkeztu dute Iruñean. (@irunerrikoaek)
Korrikaren azken eguneko jaia aurkeztu dute Iruñean. (@irunerrikoaek)

Iruñeko Sarasate pasealekuan bukatuko da Korrikaren 20. edizioa edizio honek 2.500 kilometroko ibilbidea, behin Nafarroako Parlamentuaren aurretik igarota. Hilaren 9ko jaiaren egitaraua aurkezteko prentsa agerraldia egin dute gaur AEK eta Korrikaren arduradunek nafar hiriburuan. Haiekin batera, Reyes Ilintxeta kazetaria izan da, bukaerako ekitaldi nagusiaren aurkezlea.

Asier Amondok, Korrikaren arduradunak, nabarmendu du Iruñea dela euskararen aldeko lasterketaren bukaera gehien ezagutu dituen hiriburua, eta AEKrentzat «sekulako pizgarria» dela 20. edizioa bertan amaitzea. «Iruñean nahiz Nafarroan eman den aldaketa instituzionalak urte beltzen aroaren amaiera ekarri duela» gaineratu du.

«Une ezin hobean dator herri honek duen ekimen zirraragarrienaren 20. aldia», adierazi du. 
12:30ean lekukoari ongi etorria egingo zaio Sarasate pasealekuko Foruen Monumentuaren ondoan izango den ekitaldian.

Egun osoko egitaraua

Era berean, Arantza Ilarregik, azken eguneko arduradunak, azaldu du egun osorako prest dagoen egitaraua. Igandean, gainera, eguraldiak lagunduko duela diru, eta, beraz, Illaregiren hitzetan, «bukaera itzela» izango du Korrikak.

Behin lekukoari harrera egin ostean, 14:30ean bertso-bazkaria izanen da Labrit frontoian, Miren Amuriza eta Alaia Martinenk gidatuta, eta bazkalostea Dantzaro taldearekin igaroko dute. Era berean, Iruñeko hainbat puntutan izanen dira ekimenak. Baratxurien plazan txikientzako egitaraua prestatu dute: puzgarriak, Zirika Zirkus, Hodei magoa, Dindaia tailerrak eta Kiko, Koko eta Moko.

Musikak ere izango du bere esparrua, noski. Eta hau Antoniuttin kokatu dute. 13:00etatik aurrera Altxatu ariko da, eta hauen atzetik Gatibu, Hibakusha, Maider, Sorkun eta Trikidantz. Alde Zaharrean, Karmen kaleko txokoan, ez da musikarik faltako ere Zartako-K. Trikiteens eta DJ Bullen eskutik.

Bestetik, Errigoraren azoka San Frantzisko plazan egonen da, 13:00etatik aurrera eta San Nikolas plazan artisauen azoka 11:00etatik aurrera.